Rekalde-Ortzadar Komiki lehiaketa irabazi duzu. Pozik, ezta?
Oso pozik. Egia esan, ez nuen espero. Marrazkilaria izan naiz beti eta 15 urte egin ditut animazio arloan lanean. Nire produktora propioa ere jarri nuen martxan, baina oso zaila da bertatik bizitzea. Beraz, ofizio bezala utzi eta orain denbora librean bakarrik aritzen naiz, dela pintatzen, dela argazkiak ateratzen… Sorpresa polita izan da komikia osatu dugun hiru kideontzat.
Nolatan animatu zinen?
Aurreneko edizioan Alai Zubimendik irabazi zuela enteratu nintzen. Zorionak emanez-eta berarekin hizketan aritu nintzen eta hor piztu zitzaidan zerbait sortu eta aurkezteko gogoa.
Eta hortik, Javier Ojuel eta Xabier Etxeberriarekin elkarlana.
Gidoia prestatzeari ekin nion, gidoi grafikoa, eta istorioa prestatzean, Javiri komentatu nion marrazkiak egiteko. Nik bidalitako bozetoetatik berak jarri dizkio irudia eta kolorea istorioari. Xabierri, berriz, hitza jartzeko eskatu nion.
Epaimahaiak azaldu zuenez, originaltasuna, izaera pertsonala izatea, osotasuna eta oreka saritu zituzten. Nolakoa da ‘Txorimalo’ komikia? Kontzientzia da. Hau da, lan asko, azken pausoaren faltan, utzi egiten ditugu eta kajoian gordetzen ditugu alferkeria edo egunerokotasunagatik. Hori irudikatzen du komikiak eta horri aurre egitera animatzen du. Esan liteke nere buruaz hitz egiten duela. Txorimaloaren ideia, berriz, El castillo ambulante animaziozko filmetik atera nuen; hasieran, fano bat egiteko asmoa genuen.
Aurrera begira, beste lehiaketaren batera aurkezteko asmorik bai? Berez, ez naiz komikigilea, marrazki bizidunak egin izan ditut beti, baina asko gustatzen zait eta honen antzeko komiki txikiak egiten jarraitzeko asmoa badut behintzat. Lehiaketena ikusiko da.
Walt Disneyrentzat lanean aritua Parisen, Neptuno Filmseko animazio zuzendaria Bartzelonan, Sirimiri Filmseko sortzaile, zuzendari eta gerentea hemen, animazio irakaslea… Gaur egun zertan zabiltza? Ba al duzu proiektu berriren bat?
Gaur egun, Euskal Herriko Ikastolen elkarteko mantenuan egiten dut lan.
Dena dela, badut bai proiektu berri bat. Komiki luze baten koordinazioan nabil. Nere ikasle izandako Aritz Trueba marrazkilariaren eta Xabier eta Martin Etxeberria anaia idazleen komikia koordinatzen ari naiz. 120 orritakoa da. Oso proiektu polita da.