Final laurdenak joan dira, eta final erdiak asteburu honetan hasiko dituzte, 24 bertsolarik. Horietatik 18 dira final laurdenetatik datozenak, eta beste 6 lehengo urtetatik sailkatuta zeudenak. Eta 24 horien artean, 5 dira Hernaniko bertso eskolakoak. Jexux Mari Irazu hasiko da igandean, eta datorren astean segiko diote Agin Laburuk larunbatean, eta gainerako hirurek igandean: Aitor Mendiluze, Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendik.
Irazu kanporaketa sendo bat eginda dator
Jexux Mari Irazuk 66,5 puntu lortu zituen Altsasuko kanporaketan, eta punturik altuenetakoarekin sartu da final erdietara. Igandean, Tolosako Usabal kiroldegian etxetik gertu ariko da, eta ez zaio zaletuen laguntzarik faltako. 17:30etatik aurrera ariko dira kantuan: Irazu, Iñigo Manzisidor Mantxi, Amaia Agirre, Etxahun Lekue, Igor Elortza eta Unai Iturriaga.
Sei, kanpora
Final erdietako lehendabiziko bueltan 24 bertsolarik kantatuko dute, eta punturik gutxien ateratzen dituzten 6 bertsolariak eliminatu egingo dira. Gainerako 18 bertsolariek bigarren bueltan kantatuko dute, eta bi saioetako puntuak kontatuko dira final haundira sailkatzeko.
Finalean zain izango dute Maialen Lujanbio, azkeneko txapelduna, abenduaren 15ean, Barakaldoko BECen.