ARRANTZA txapelketa antolatu du Txantxangorri elkarteak larunbatean, Hondarribiako kai muturrean. Jaurtiketa modalitateko txapelketa izango da, bost ordukoa, 07:00etatik 12:00etara. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aldez aurretik. Epea ostirala arte jarri dute, Txantxangorri elkartean bertan, tabloian; derrigorrezkoa da Eusko Jaurlaritzako itsas arrantza lizentzia izatea.
Postuen zozketa, egunean
Arrantzale bakoitzari dagokion postua egunean bertan zozketatuko dute, Hondarribian, txapelketa hasi baino ordu erdi lehenago. Sariak aurreneko hiru sailkatuentzat izango dira.
Arrantzarako araudia
Arrantzarako momentuan bi kanabera bakarrik erabili litezke. Ordezkoak prest izan ditzake arrantzaleak; txirrikarekin edo gabe, baina arrantza aparailurik gabe. Derrigorrezkoa da kanaberak lau uztai eta txirrika bobina finkoa izatea. Baxuak berriz, hiru amu arrunt bakarrik izan ditzake.
Puntuatzerakoan, arrantzatutakoaren benetako pisua izango da kontuan: gramo bat, puntu bat. Kontuan hartuko da federazioak espezie bakoitzerako jarritako minimoa. Luzera ere izango da kontuan. Araututako minimora iristen ez diren piezetan, zentimetroko puntu bat izango da kontuan. Ondoren uretara itzuliko dira, bizirik.