Berrogeita hamar urte pasa dira Karmelo Labakan Lanbide Heziketa ikasi zuten ikasleek ikasketak bukatu zituztela. 1963ko promozio hori, bigarren promozioa izan zen. Urteak pasa izana aitzaki hartu, eta elkartzea erabaki dute aurten. 50garren urteurrena ospatzen ibiliak dira joan den urriaren 19an. 49 ikasletatik 26 animatu ziren festara.
Bazkaltzera joan aurretik, Karmelo Labakako eraikina bisitatzen aritu ziren. Eboluzioa agerian geratzen dela eta, aldea nabaria dela zioten, bertaratutako ikasleek.
Eguna espero bezain ondo joan zela diote elkartutako ikasleek: «eguraldia lagun izan genuen. Eta urteak pasa badira ere, orduan elkarrekin pasatako orduak hor daude. Kontu zaharrak gogoratu genituen, istorio eta bitxikeriak, egungo egoerari buruz ere hitz egin genuen... egun borobila izan zen».
Mekanikoak, guztiak
17 urteko 49 ikaslek ikasi zuten mekaniko ofizioa 1963an, ez baitzegoen besterik. Diote, beste garai batzuk zirela haiek, eta orduan lanik ez zela faltatzen: «ikasketak bukatu aurretik ere izaten genuen lanerako aukera. Gehienak Orbegozon eta Michelinen hasi ginen lanean».
Mende erdia pasata, 67 urte dituzte orduko ikasle gazteek, eta egun jubilazioaz gozatzen ari dira.