Urteko Batzar Nagusia egin zuten Dobera Euskara Elkarteko bazkideek ostegunean. Ohiko prozedurarekin jarraituta aurreko urteko akta irakurri eta onartu zen lehendabizi. Ondoren heldu zitzaien, Batzarreko puntu nagusiei: 2012ko balantzea, 2013-2014ko aurrekontuak, etorkizuneko egitasmoak eta Zuzendaritzaren aldaketa.
Balantze eta aurrekontuak
Bego Zuza Lehendakariak eman zien bertaratutakoei diru kontuen berri. 2012ko balantzea nola itxi zen azaldu zuen. 2013a aurreikuspenen arabera, urtea ondo bukatuko dela jakinarazi zuen; eta 2014rako aurrekontuaren berri ere eman zuen. Batzarrak onartu zituen guztiak.
Egitasmo berriak,
etorkizunera begira
Egitasmoen berri eman zen ondoren. Batzarrak orain arteko egitasmoen inguruan hausnarketa egiteko beharra ikusi zuen batetik; eta bestetik, etorkizunera begira, epe motzean eskuartean dituen egitasmoen aurkezpena egin zuen. Bost egitasmo berri ditu Doberak, batzuk dagoeneko, martxan daudenak. Literatur Txokoa da horietako bat; hilean behin, Kronikan, liburu gomendio bat argitaratzen da, herritarren batek idatzia. Egitasmo hau Hernaniko Liburutegiarekin elkarlanean daramaki aurrera Doberak.
Gazte Asanbladako kideekin ere lanean ari da Dobera. Dokumental emanaldiak antolatu dira elkarlanean; momentuz hiru.
Euskararen egunaren harira, diska bat atera nahi da, euskal kantuak bilduko dituena. Helburua da, Hernaniko tabernetan euskal musika gehiago entzutea. Diska osatzen denean, USB batean banatuko da herriko tabernetan.
Naturari lotutako Ziraba proiektua da beste erronketako bat. Herriko anfibio eta narrastien inguruan egin da proiektua eta bi dira Doberaren helburu edo eginbeharrak: batetik, Kronika bidez honen berri ematea; argazki lehiaketa bat egin eta animali bakoitzaren fitxa bat argitaratzea; eta bestetik, Hernanin anfibio eta narrasti horiei nola deitzen zaien biltzea. Doberaz gain, hainbat talde daude proiektu honen barruan: Hernaniko Udala, Ereñotzuko Auzo Udala, Ereñotzuko Txirrita ikastetxea eta Arantzadi. Aurrerantzean ere, naturaren inguruan sortu litezkeena antzeko lanetan parte hartzeko asmoa azaldu zen Batzarrean.
Hernaniko Kronikak, proiektua Urumea bailarara zabaltzeko asmoa azaldu zuen. Horretarako web orri berria egiteko intentzioa dutela esan zuten, Astigarraga, Hernani, Ereñotzu, Arano eta Goizueta bilduko dituena.
Zuzendaritza aldaketa
eta Ez Ohiko Batzarra
Egungo Zuzendaritzak kargua utziko duela eta, talde berria osatzeko eman beharreko pausuetaz ere hitz egin zen Batzarrean. Oraingoz ez du inork bere burua proposatu. Bazkideek hilabete inguruko epea izango dute proposamenak egin eta aurkezteko. Ez Ohiko Batzarra azaroaren 29an deitu da, eta bazkideren batek aurkeztu nahiko balu, Doberako bulegotik pasa beharko du aurretik, izena ematera.