Kalean da Maite Larburuk eta Josh Cheatham musikoek elkarrekin atera duten lehendabiziko diskoa: Ura patrikan. Hainbat musika estiloren arrastoak ditu diskoak, folka, bluesa, jazza, Brasilgo musika eta kantu tradizionalak... eta kantu aldetik gai intimistak dira batez ere, eta bi ideia errepikatzen direnak: ezinezkoaren bila ibiltzea, eta etengabe batera eta bestera dabilenaren pentsamenduak, etxetik kanpokoari buruz eta etxe barruari buruz.
Bi musikari, euren ohizko instrumentuak alde batera utzita, disko honetarako
Larburuk sortu ditu kantuak eta berak abesten ditu. Guztira, 13 abesti, euskeraz, gazteleraz eta ingelesez. Cheatham arduratu da garapen musikala egiteaz, eta gitarra eta beste hainbat instrumentu jotzen ditu.
Bitxia da, bi musikariok beren berezko instrumentuak alde batera utzi dituztela, disko hau egiteko. Larburu goi mailako biolinjolea da, eta Cheathamek viola da gamba eta kontrabaxua jotzen ditu. Biak ere musika estilo berean nabarmendu dira, eta munduan barrena dabiltza, Europa iparraldeko orkesta ezagunenekin. Hain zuzen, hortik ezagutu zuten elkar, eta Amsterdamen auzo berean bizi zirelako elkarrekin entsaiatzen hasi ziren.
Elkarrekin maiz entsaiatzen dute, gertu bizi baitira, eta hortik sortu zen disko berri hau egiteko txispa ere. Hala dio Larburuk: «entsaioetan beti broman aritzen ginen, talderen bat sortu behar genuela, eta bat eta beste. Behin hala esan nion: ‘Nik baditut bi kanta’. Eta berak: ‘Erakutsi!’. Nik ere ez nekien berak beste instrumentu batzuk jotzen zituenik, eta nik kantua beti izan dut gustoko, biolina jotzen hasi baino lehenago ere. Musikarako bidea ere horrexegatik egin nuen... Berez gustatzen zaigulako egin dugu».
«Nahiko natural ateratako lana izan da»
Ezer behartu gabe, nahiko natural atera den lana izan da, Larbururen esanetan. Kantuak ere, berak lehendik eginak zituen batzuk, edo poesiak moldatu ditu, edo testuak buruan zituen... nahiko erraz egin duela dio. «Idaztea asko gustatu izan zait beti, eta testuak edo poesiak kantuetara moldatzea gustora egin dut. Musikariok erritmoa barruan dugu, eta testuek duten erritmoa bilatzea natural xamar atera zait».
‘Ezin’ kantak definitzen du diskaren harietako bat
Izenburua nondik norakoa den galdetuta, diskoaren mamian sartu da Larburu. «Ezin kantak definitzen du diska guztia josten duen harietako bat. Ezinezkoaren bila ibiltzeari buruz behin baino gehiagotan ari gara. Ezinezkoa zer den, ahal denaren eta ezinezkoaren arteko mugak non dauden... izena hortik atera dugu: Ura patrikan».
Beste ideia askoren artean, bada beste bat disko honetan errepikatzen dena, Larburuk dioenez. «Gure lana dela eta, munduaren punta batetik bestera gabiltza biok, eta geuk nahita darabilkigun desterru horrek gaziak eta gozoak ditu. Ideia hori maiz errepikatzen dugu, etxetik kanporakoa eta etxe barrukoa».
Pixkanaka, maketa baten ideiarekin hasitako lana
Kanta batzuk sortuak zituzten haietxek grabatzea pentsatu zuten, maketa moduko batean. Ereñotzuko Pello Gorrotxategiren estudioetan grabatzen hasi ziren. Gero, Gaztelupeko Hotsak-en eskuetara iritsi, haiei gustatu, eta diskoa egiteko ideia sortu zen. Urtarrilean eta maiatzean aritu dira grabazioak egiten, eta joan den asteartean aurkeztu dute.
Durangoko Azokan aukera izango da diskoa zuzenean entzuteko, eta abenduan ere proposamen bat ba omen dute. Amsterdamen bertan aurkeztuko dute diskoa, eta Japonen ere izango dute jotzeko aukera.
Gainerakoan, Gaztelupeko Hotsak-en web orrian bada aukera erosteko, 10 euroan, eta Elkarren ere salgai dago.