endika Barrenetxeak gaurtik aurrera izango du iazko lorpen haundia defendatzeko aukera: Binakako Txapelketa. Juaristi aurrelari zarauztarra izango du aurten bidelagun. Bikote sendoa osatzen dute, hernaniarrak segurtasuna du atzeko koadroetan, eta Juaristik ondo dominatzen du aurrekoetan. Katedrarentzat txapelketa irabazteko bikote faboritoetako bat dira.
Gaurko debutean Ezkurra eta Agirrezabalaren kontra neurtuko dituzte indarrak. Orain arte jokatutako partiduetan, faboritoek ez dute esperotako maila eman, galdu egin baitute. Gaurko partiduan atzeko koadroetan egongo da ziurrenik, klabea. Atzean nagusi denak lan erdiak eginak izango ditu. Barrenetxea IV eta Juaristiren helburuetako bat izango da, Ezkurra gainetik pasatzea.
Partidua Galarretako jaialdiaren barruan jokatuko da. 16:00etan hasiko da jaialdia, eta gainerako partiduak, hauek dira: Juanenea-Aizpuru II/Matxin VI-Larrañaga; Urriza-Ion/Uterga-San Miguel; eta Urtasun-Zubizarreta/Etxabe II-Endika.
Etxeberriatarrak, nagusi
Ostegunean jokatu zen Txapelketako partiduan, Etxeberria IV eta IIIa nagusi izan ziren Etxabe II eta San Miguelen kontra. Etxabe II eta San Miguelek indartsu hasi zuten partidua; erdialdera egindako bi akatsek ordea, aurkariak esnatu zituen. 12-4 irabaztetik, 12-13 galtzera pasa ziren, eta handik, azken partziala 23-40koa izan zen.