Kantuak dionez, «azaroak 11, San Martin eguna» izaten da, baina Aranon azaroaren 9an ospatuko dute, larunbatarekin. Egun guztiko festa dute, eta denetik izango da.
Pirineotako multzo
megalitiko haundienetakoa
Aranok parke megalitiko izugarria du, Pirineo inguruetako haundienetakoa, ia 70 cromlech eta tumulo biltzen dituena, eta orain dela 3.000 urte inguruko hilerri zirena. San Martinetan horri buruzko azalpenak emango ditu arkeologia talde aditu batek, ibilaldi gidatuan. Paraje ikusgarrian, itsasoa bistan dela egindako harrizko lanen artean egingo dute 2 orduko ibilia, 10:00etan abiatuta.
Artzai zakur erakustaldia
Arratsaldeko 17:00etan artzai zakur erakustaldia izango da, herri inguruko belarsoro batean. Ezkerren Bordako Pedro Mari Ansa eta bere txakurra ariko dira, behin baino gehiagotan txapelketetan ibiliak eta baita sariak lortuak ere.
Argazki lehiaketako sariak, web orria eta gaztain jatea...
Artzai zakurren erakustaldia bukatu eta Aranoko web orri berria aurkeztuko dute, segidan: www.arano.es.
Segidan, argazki lehiaketako sariak banatuko dituzte. Irabazleentzat saria ez da nolanahikoa: 4 pertsonentzat gaua Bixargorri agroturismoan, eta afaria Aranoko Kontzejuan. Gainera, hemendik aurrera Kontzeju tabernak egunero emango ditu bazkariak. Astelehen eta asteartetan arratsaldean itxi egingo dute. Beste egunetan irekita egongo da, eta afariak ere emango dituzte.
Ondoren, 20:30etan, talo eta gaztain jatea egingo dute eta aukera izango da bakoitzak bere taloa egiteko ere.