Gorka Armentia hernaniarrak 29 urte ditu, eta askok ezagutzen ez duten kirol bat praktikatzen du: dardoak. Sei dardotik lau berak nahi duen lekuan dexentetan sartzen omen ditu, eta kirol arloan amets bat dauka buruan: «Ametsa? Europako laugarren postua hobetzea». Lehendik ere hiru aldiz egina baitu hori, bere mailan.
Bataz bestekoa da kontua
Atxur tabernan lan egiten du, eta hantxe topatu dugu, libre duenean entrenatzeko erabiltzen duen dardo makinaren ondoan. Ondo ezagutzen du Conection makina, eta zuku ederra ateratzen dio, onenen artean baitabil, dardoetako lehendabiziko mailan. Makina horretan jokatzen duen bakoitzean, bere hatz-marka jartzen dio, eta makinak badaki bera dela tiratzen ari dena. Horren arabera, media bat egiten du makinak, eta maila batean edo bestean jartzen; eta norberak beti jokatuko du bere mailako norbaiten kontra. Beste maila asko ditu gainetik, baina bera dagoen lekuan mantentzea ez da erraza, hainbesteko konpetentzia dagoen kirol honetan.
Sekulako maila dagoela dio Armentiak. «Onen onenen artean daudenak ikustea izugarria da, ez baitute inoiz failatzen. Gutxien failatzen duenak irabazten du».
Bi joko, batez ere
Cricketa edo 501 jokoa dira dardoetan jokatzen direnak. 501 jokoan adibidez, 501 puntutik 0ra azkarrena jaistera jokatzen dute, eta beti erdikoa jotzera joaten dira. Onen onenek 4-5 tiradatan bukatzen omen dute partida, besteek gehiago behar dute. «Behin erdikoa jo ezkero, hurrengoan dardo horri ematera joaten naiz. Erdikoaren erdian (la mosca) hiru segidan jotzea oso gutxitan egin izan dugu».
«Buruak egiten du dena»
Gauza askok dute garrantzia dardoak botatzeko garaian, baina batez ere buruak. «Mundu bat da dardoena. 16 gr edo 18 gr-ko dardoak daude, atzeko lumak ere klase pila batekoak, postura bat edo beste, fuerte bota edo bonbeatua... baina azkenean hemen buruak agintzen du. Momentu garrantzitsuenean lasai botatzeak balio du dena. Trago pare bat hartzeak, adibidez, niri asko laguntzen dit, pultsua kontrolatzeko. Baina pare bat, e! Pasa gabe!».
Emaitza bikainak
Gipuzkoako Kopan bigarren postuan geratu zen orain gutxi, eta Nafarroako Selekzioaren kontra jokatu du hilabete honetan. Gipuzkoako ligan ere bigarren postuan geratu dira taldeka, eta berez Benidorm ondoan egon behar zuen orain, Altean, Estatuko Txapelketan. «Lana lana da, eta hemen geratu behar izan dut, bestela, hara joango nintzen gustora; irabazteko aukerak baditugu gainera, oso talde orekatua dugulako».
Horrez gain, hainbat kanpeonatutan apuntatuta dago: Txotx denboraldiko dardo txapelketara binaka apuntatu da, Txapirekin, tabernako nagusiarekin. Liga Birtuala ere jokatzekoa dute, taldeka, eta hori ere azaroan izango da. Horrez gain, beste hainbat torneo ere jokatzen dituzte, eta ez dira geratzen. Berak dioenez, zenbait txapelketa irabaziz gero, hurrengo kanpeonatura dohainik joateko aukera izaten da, eta bera horretan saiatzen da ahal duen guztietan. «Horrela bidaiatzea lortu izan dut lehenago ere hainbat txapelketara eta aurten ere Europakora hala joan nahi nuke. Ea posible den».
Iker Blazkiz eta biak
Dardoak batek bakarrik bo-tatzen baditu ere, normalean binaka edo taldean jokatu ohi dute, eta Armentiari askotan tokatu zaio Hernaniko beste fenomeno batekin jokatzea, Iker Blazkizekin, alegia. «Iker dago ni baino kategoria bat gorago, eta askotan jokatzen dugu elkarrekin, talde berean». Armentia eta Blazkiz goi mailan, eta beste hainbat hernaniar ere bide horretan dira, eta seguru laister beste sorpresa onen bat ekartzen dutela herrira.