Bost langile ditu Orbegozo Ehorzketa Tanatorioak, familiako enpresa txiki bat da, eta prestatua dago edozein ehorzketa zerbitzu emateko. «Dei bakarra egin eta hortik aurrerakoa gure kontu uzten du bezeroak», dio David Orbegozok, Javierren semeak.
Ohiturak aldatzen...
Garaiak aurrera dijoaz, eta herritarren ohiturak ere aldatu egin dira, Davidek Kronikari adierazi dionez. «Eta guk prest egon behar dugu jendeak nahi duenera. Gaur hilkutxez gain, errautsak biltzeko kajak ere baditugu, era guztietakoak; gorputzak erre egiten baitira, lurperatu baino gehiago. Orain modan hori dago, eta kutxa biodegradableak». Kutxa biodegradableak 2-3 ordutan desegiten omen dira, urarekin kontaktuan. «Familiakoek errautsak itsasora bota nahi badituzte edo mendian lurperatu, guk ez diegu kutxa metalikorik gomendatzen, eta horretarako daude kutxa batzuk, urarekin kontaktuan 2-3 ordutan desegiten direnak».
Hernani multikulturala
Gero eta herrialde gehiagotako jendea dago Hernanin, eta horrek aldatu egiten du funeraria baten lana ere. «Kultura aldatzen da, erlijioa eta ohiturak... eta denetara jarri behar duzu. Horrez gain, askok beren herrietara eraman nahi dituzte gorputzak, eta hori ez da hain sinplea izaten, oso gauza oinarrizkoagatik: denbora. Gorputzak gehienez 48 ordu ditu hiltzen denetik lurperatu edo erretzen denera. Hortik aurrera usteltzen hasten da. Eta jo ezazu gorputz bat Brasilera eraman behar dela... 7 egun inguru behar izaten dira horrelako tramite bat egiteko». Gorputzak kontserbatzeko teknikari tanatopraxia esaten zaio, eta David tanatopraktorea da. «Parisen egin nuen kurtsoa, eta behar beharrezkoa da, gorputzak kontserbatu ahal izateko. Hotzak asko laguntzen du, eta horretarako hozkailuak ditugu tanatorioan bertan. Horrez gain, produktu batzuk erabiltzen dira, eta prozesu naturala luzatu egiten da». Askotan tokatzen da gorputza lekuz aldatzea. Penintsula barruan, kotxez egiten dute, baina hortik kanpora, abioiez egiten da; aurten, Costa Rica, eta Brasilera, besteak beste.
11 urte tanatorio berrian
2002an berritu zuten tanatorioa, eta moldatua dago azken eskarietara. Hasieran dirudiena baino haundiagoa da barrutik. Hiru sala eder ditu, eta patxada sentsazioa ematen du dekoratuak. Luis Telleria artistaren grabatuak, koadroak, Victor Goikoetxeak pintatutako kupula... saiatzen dira familiakoak etxean bezala sentiarazten. «eroso sentitu daitezela nahi dugu, intimitatean, eta lasai».
Oinarrizko zerbitzuak, batez ere krisi garaian
Baina horrez gain, betiko zerbitzuak dira denbora gehien kentzen dutenak, eta ia beti egin beharrekoak: gorputza apaindu, zerraldoa, eskelak, loreak, oroigarria, tanatorio zerbitzua, mediku eta epaitegiko agiriak, hilerriko gestioa, hileta antolatzea... Davidek dioenez, krisi garaian antzematen ari da, jendeak oinarrizko zerbitzuei heltzen diela, eta ez dutela aparteko gehigarririk eskatzen. Berez, zerbitzu horiek ez dira hain garestiak, Daviden esanetan. «Jendea izututa etortzen da askotan, eta gero harritu egiten dira prezioa ikusita».
Seguruei buruz galdetuta, azpimarratu nahi dute seguru guztiekin lan egiten dutela, eta familiak eskubidea daukala berak nahi duen funeraria eskatzeko. «Segurua ordaindua badago, familiak nahi duen funeraria aukeratu lezake, eta seguruak onartu egin behar du hori».
Hiru belaunaldi
Txomin hasi zen, aitona, eta Kardaberazen zuen funeraria. Arotza zen, eta eskuz egiten zituen hilkutxak. Javierrek ere arotz ofizioa ikasi zuen, baina funerarian zentratu zen gehiago. Gaur egun hirugarren belaunaldia ere bertan ari da lanean, David eta Nora, Javierren seme-alabak, hain zuzen.
Orbegozok zerbitzua eskaintzen du Errenterian hasi eta Tolosaraino, eta bulegoak dauzkate Hernanin, Errenterian eta Andoainen.