Hildako senide eta lagunak bereziki gogoan izaten dituzte herritarrek gaurko egunez. Santu Guztien Egunean hilerrira joan-etorria egiten dute askok, loreak eskaini eta bertan dituztenak bisitatzeko. Lore sortak edo zentroak ematea izaten da ohitura, eta Hernanin, nahi adina eskaintza dago erosteko.
Mugimendua, atzotik
Tradizioz lore eskaintza Santu Guztien egunez egiten bada ere, Mokoko Maixabelek ohiturak aldatuz dijoazela azaldu zion atzo Kronikari: «Plazan bezperatik izaten ditugu loreak salgai eta askok nahiago dute aurretik erosi. Azken urteetan aldatuz joan da, eta egun, esango nuke, bezperan jende gehiagok erosten duela egunean bertan baino. Aurreko egunean ez da jendea pilatzen, baina etengabe saltzen da». Maixabelen postura gerturatu zen herritar batek ere, hala zioen: «nire gusturako, egunean bertan jende gehiegi izaten da hilerrian atzera eta aurrera. Loreak lasai-lasai gaur aukeratu eta eramaten ditut nik»
Eskaintza zabala dute: «garai honetan krabelinak, gladioloak, astronomiak, margaritak eta arrosak saltzen dira gehienbat. Konbinatu litezke, bakoitzaren gustura. Eta enkarguz ere, egiten ditugu lore sortak edo zentroak; prezioaren arabera egiteko aukera ere, badugu». Maixabelen postuaz gain, beste bietan erosteko aukera ere bada Plazan. Gaur, goizeko 07:00etatik eguerdiko 13:00era egongo dira. Hernaniko bi loradendetan ere, egun osoan zehar izango da, loreak erosteko aukera.
Mezak, gaur eta bihar
Santu Guztien Egunaren bueltan ere, meza bereziak izango dira gaur eta bihar. Gaur, Domusantu egunez, lau meza emango dira: 09:00etan Agustindarren konbentuan; 10:00etan, Ereñotzuko San Antonio Parrokian; 11:00etan, Floridako San Jose Parrokian; eta 12:00etan, San Jose Bataiatzailea Parrokian, bertako korua lagun dutela.
Bihar, hildako guztien egunean, bi meza izango dira: 09:00etan Agustindarren konbentuan: eta iluntzeko 19:00etan, San Joan Bataiatzailea Parrokian.