2014rako Ordenantza Fiskalak onartu zituen Plenoak, asteartean. Hori eta beste hamahiru puntu bozkatu zituzten. Guztiak onartu ziren, tartean, Toki Garapenerako Batzorde Informatzailea sortzea; kanpoko igerilekuen araudi nagusia; taxien tarifak; Donostialdeko Turismo Plana eta Bilduk aurkeztutako mozioa.
Alokairua bultzatzea, nahia
2014rako Ordenantza Fiskalarekin Udalak oinarrizko zerbitzuak bere horretan mantentzea erabaki duela azaldu zuen Luis Intxauspe Alkateak: «zergak ahalik eta gutxien igo eta oreka mantentzea bilatu da. Zerga eta tasa batzuk bere horretan geratuko dira, eta besteak %0,6 igoko dira, Hego Euskal Herriko KPIa izan da kontuan».
Ondasun Higiezinen edo etxebizitzen kontribuzioaren kasuan, zerga mantendu egin da, igoerarik gabe; arlo honetan, industrialdean egingo da igoera, eta hala, konpentsatu. IBIaren errekargua etxebizitza hutsa izateagatik ezarriko dela ere azaldu zuen Alkateak, %100a: «Helburua da herritarrek hutsik dituzten etxebizitzak alokairuan jartzea, eta Alokabide ere, horretarako dute, nahi izanez gero. Hernani ikasle herria ere izan litekeela gogoratu zuen Alkateak, esanaz, Basque Culinary Center eta Mondragon Unibertsitateko ikasleek Hernanin alokatu dezaketela, ikasturtean zehar, etxebizitza».
Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen. EAJk kontra, esanaz, Udalaren egoera ekonomiko ona ikusita, ez litzatekeela tasarik igo behar. H1! eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Estefania Morcillok, beste arrazoien artean esan zuen, zentzudunena zerga eta tasak izoztea zela.
Batzorde berria
Toki Garapenerako Batzordea sortzea ere onartu zuen astearteko Plenoak. Enplegua, Merkataritza eta Turismoa bilduko ditu. Arlo sozioekonomikoarekin lotura dituzten gaiak landuko dira bertan. Lehen gai horiek beste Batzorde batzuetan lantzen ziren, Enplegua eta Hezkuntza batera baitzeuden; eta baita Turismoa eta Kultura ere.
Kanpoko igerilekuen
araudi nagusia onartu zen
Beñat Amenabarrek hartu zuen hitza Aisialdirako eta Jolaserako kanpoko igerilekuen puntura iritsi zirenean. Azaldu zuen, udan izaten den jende pila kontuan izanda, araudi baten beharra zegoela. Egin duten araudi berria Kiroldegikoaren oso antzekoa dela azpimarratu zuen, eta Plenoak onartu ostean, publiko egongo dela ikusi eta erreklamazioak jarri ahal izateko. Plenoak aho batez onartu zuen.
Taxi zerbitzuak %1,9 igo
Buruntzaldean bi taxi konpainia aritzen direla azaldu zuen Alkateak, eta bi proposamen jaso eta gero, adostu zutela 2014rako KPI %1,9 aplikatzea. Alde bozkatu zuten Plenoan bildutako ia guztiek, H1! abstenitu egin baitzen.
Turismo Plana, onartuta
Donostialdeko Turismo Plana izena du Buruntzaldea biltzen duen planak, ikuspegi turistikoa dela eta. Lau ildo nagusitan biltzen ditu planak turismoa bultzatzeko zein estrategia landu litezkeen eta herriz herri nola garatu: Turismo Enogastronomikoa; Turismo historiko monumentala; Turismo naturala; eta Kongresu eta konferentzi eskaintza. Hernanik aurreneko hiruak garatu ditzake. Onartu egin zen: PSE-EE abstenitu egin zen eta gainerako alderdiek alde bozkatu zuten.
Bilduren mozioari, bai
Bilduk aurkeztutako Epaiketa politiko gehiagorik ez! mozioa onartu zen (EAJ eta H1! abstenitu eta PSE-EEk ez zuen bozkatu). Bertan eskatzen da: «epaiketa politiko gehiago ez egotea, eskandaluzko instrukzio bidegabeetan oinarritutako epaiketak artxibatzea; prozedura judizialetatik etsaiaren zigor zuzenbidearen aplikazioa desagertzea; aniztasun politikoa eta elkartze, adierazpen nahiz askatasuna politikorako eskubideak errespetatzea, eta elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak ezartzea.
ERREGU ETA GALDERAK:
PSE-EEko bozeramaileak hartu zuen hitza, Erregu eta Galderen tartean. Elias Querejetaren omenaldia zertan den galdetu zuen. Alkateak Gracia alabarekin harremanetan daudela azaldu zion, rodaje batean egon dela, eta ziurrenik, berarekin hala adostuta, azaroan egingo dela omenaldia. Eusko Jaurlaritzak Irisgarritasunerako atera duen dirulaguntzara Udala aurkeztu den ere galdetu zion Morcillok. Alkateak baiezkoa erantzun zion, Urbieta kalea eta Kirol degia batuko dituen igogailuaren proiektua aurkeztu dela.
Elorrabiko zubia noiz berreraikiko den galdetu zion ondoren, herritar batek. Intxauspek erantzun zion, dirulaguntza 2011an eskatu zutela eta erdia egiteko dirua eman ziotela Udalari. Eusko Jaurlaritzako hauteskundeak eta aldaketak medio, epe hori pasa egin dela azaldu zion, eta 2014ra arte luzatzea eskatu dutela orain. 2014ko aurrekontuetan jasotzeko asmoa dutela esan zuen Intxauspek eta ahal bezain pronto berreraikitzea.