Proiekzioak, lehiaketa, mendi irteera... ekitaldiz gainezka dator Mendizale Astea

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 30a, 01:00

Azaroaren 11tik 17ra izango da. Proiekzio guztiak Biteri kultur etxean izango dira, arratsaldeko 19:30etan.

Hernaniko mendizaleek urteroko hitzorduarekin bat egiteko aukera izango dute aurten ere: Mendizale As­tea­rekin. Mendiriz Mendi elkarteak antolatu du azaroaren 11tik 17ra. Proiekzioak izango dira aurten nagusi, guztiak 19:30etan, Biterin: lehiaketak, umeen tartea eta mendi irteera ere, ez dira faltako.

Lau proiekzio
Iñaki Zuzaren proiekzioarekin hasiko da aurten astea. Ama Dablam gailurraren inguruko informazioa emango du mendizale hernaniarrak. 6.812 metroko gailurra da eta Nepaleko Hima­laia­ren ekialdean dago kokatua; gailur benetan ikusgarria dela diote. Kepa Escribanok hartuko du testigua bigarren egunean, azaroaren 12an. Groen­landiako pareta erraldoienetara belaontziz nola gertura­tu ikusteko aukera izango dute Biterira gerturatzen diren guztiek. Groenlandia Paralelo 60 da proiekzioaren izena. Asteazkeneko proiekzioan bi izango dira hizlariak: Mila Gallastegi eta Asier Aranzabal. Iran izena du bi mendizale hauen proiekzioak, beraien hitzetan, «ohikoetatik alde egiten duen bidaia». Azkeneko proiekzioa azaroaren 14an izango da, osteguna. Angel Beldak No­ruegaren berri emango du. Ondoren, elkarteak urtean zehar egindako irteeretako argazki emanaldia izango da.

Umeak eta lehiaketa, ostiralean
Umeen tartea izango da ostiral arratsekoa. 18:00etan gaztetxoen irteeretako argazki bilduma berezia ikusteko aukera izango da, eta ondoren, dominak banatuko dituzte. Segidan, 34garren Argazki Lehiaketako sari banaketa egingo dute; eta Mendiriz Mendiren web orri berria ere aurkeztuko dute.

Igandean, Pagoetara
Bazkide Egunarekin bukatuko dute Mendizale Astea, azaroaren 17an, igandea. Laurgaingo parkera joango dira, Pagoetan barrena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!