Azken hiruhilekoan ere, gora egin du langabeziak Hernanin. Uda hasierako tendentziak jarraipena izan du bukaeran ere. Ekainean 1.433 pertsona zeuden lanik gabe eta irailean 1.461 ziren langabetuak, 28 gehiago. Joera ordea, ez da berdina izan hilabetez hilabete aztertzen badugu. Ekainetik uztailera hamahiru pertsonek galdu zuten lana; abuztua zertxobait hobea izan zen ordea, eta 6 pertsonek bilatu zuten lana. Irailean ez zuen ordea, hobekuntza horrek jarraipenik izan, eta lanpostuak galduz joan ziren hernaniarrak.
2013a, urte gogorra
Langabezi datuak joan den urtearekin alderatuz gero, erreparatu liteke 2013a urte gogorra ari dela izaten hernaniarrentzat. Urteko hilabete gehienetan egin du langabeziak gora, eta datuak joan den urtearekin erreparatuz gero ere, atzeman liteke aldea. Fetxa hauetan, 2012ko irailean, 116 langabetu gutxiago zeuden Hernanin, 1.345 hain zuzen.
Zerbitzuetako sektorean
langabetuen % 63a
Langabezia sektoreka aztertuz gero, zerbitzuetakoa da, nabarmen, kaltetuena. Hernanin egun dauden 1.461 langabetuetatik %63a sektore honetakoa da, 919 herritar. Atzetik dira industria 245 langabeturekin, eraikuntza 168rekin, eta nekazaritza 26rekin; aurretik lanik gabe 103 herritar zeuden.
Sexuka, pareko
Sexuka aztertuz gero, gehiago dira lanik gabe dauden gizonak 733; aldea ordea, ez da haundia, emakumezkoak 728 baitira. Bi kasuetan, 22 eta 44 urte bitarteko herritarrak ari dira sufritzen, nabarmen, krisiaren eragina: gizonezkoen kasuan 354 dira; eta emakumezkoak 353. Atzetik dira 45 urtetik gorakoak, nahiz eta datu hauek ere, oso parekoak izan: gizonezkoak 316 eta emakumezkoak 329.
451 lan kontratu berri egin ziren irailean
Irailean, guztira, 451 hernaniarrek aurkitu zuten lana. Kontratu horietatik gehienak izan ziren aldi baterakoak, 409 hain zuzen. Lana izan eta kontratua mugagabe izatera pasa zirenak 16 izan ziren. Eta zuzenean kontratu mugagabea 26 hernaniarrei egin zieten. Sektoreka, zerbitzuetan aurkitu zuten gehienek lana, 310 herritarrek; atzetik 93k industrian, 47k eraikuntzan, eta bakarrak nekazaritzan.
Gipuzkoan,
652 langabetu gehiago
Gipuzkoako joerak ere, herrika gertatutakoa biltzen du. Irailean 49.155 langabetu zeuden Gipuzkoan, ekainean baino 652 herritar gehiago.