autobus zerbitzu publikoa hobetzea da Gipuzkoako Diputazioaren erronketako bat. Urri hasieratik bilerak ari dira egiten Gipuzkoako 56 herrietan, eta Hernanin bi bilera deitu dituzte, herritarrek dituzten zalantza, ekarpen, iritzi eta beharrak entzun eta jasotzeko asmoz. Bi bilerak Biterin izango dira, arratsaldeko 19:00etan. Gaur herritarrei egin diete deia, orokorrean; eta ostegunean kolektibo jakin bati, gazteei.
Diputazioa legegintzaldi hasieratik ari da garraio publiko sistema hobetzeko pausuak ematen, eta tartean da Unai Erroitzenea ereñotzuarra, Mugikortasun eta Garraio publikoko zuzendaria. Kronika berarekin bildu da, proiektuaren nondik norakoak argitu eta Hernaniren egoera nola ikusten duen jakiteko.
«Ez genuen bulegoan egindako proiektu bat izaterik nahi»
Gipuzkoako hego-mendebaldeko autobus kontzesioak berritu behar ditu Diputazioak. Orain arte, teknikari eta politikoen irizpideen arabera egin izan dira berrikuntza horiek; oraingoan ordea, erabiltzaileen aportazioak izan nahi dituzte kontuan, eta hortik, proiektua; hala azaldu du Unai Erroitzeneak: «ez genuen bulegoan egindako proiektu bat izaterik nahi. Ekarpenak jaso nahi izan dira, erabiltzaileenak, hau da, herritarrenak; eta baita Udalarenak ere. Orain arte egindako bileretara gerturatu da jendea; aurrenekoetara ez hainbeste; baina Usurbilen esaterako, 50-60 lagun elkartu ginen».
«Eskualde batzuk besteak baino hobeto daude»
Hobekuntzak, ibilbideak, ordutegiak, maiztasuna... herriaren arabera, beharrak ezberdinak direla dio Erroitzeneak: «eskualde batzuk besteak baino hobeto daude Gipuzkoan. Goierri eta Debagoienako herri askotan esaterako, garraio zerbitzu eskasa dute; herri txiki asko daude eta batzuk zerbitzurik ere ez dute. Kasu hauetan eskaerak zehatzak izaten dira: zerbitzua bera izatea, eskariaren arabera funtzionatzea. Beste eskualde batzuetan ordea, zerbitzua nahiko ona da, eta eskariak oso bestelakoak izaten dira: asteburuetako zerbitzuak, gaueko autobusak...»
«Hernanik garraio zerbitzu publiko ona du»
Hernaniren egoerari buruz, Erroitzeneak dio ona dela, ez dagoela hobetzeko askorik: «autobusak ditu maiztasun onarekin, RENFEk bi geltoki ditu, Eusko Trenekin konexioa ere egin liteke...». Beti egin daiteke ordea hobera, eta Erroitzeneak gaur eta ostegunean egingo diren bileretara gonbidatu ditu herritarrak.
«Etorkizuna, erabiltzaile gehiagorekin»
Erronka eta proiektu guzti hauek etorkizunera begira egindakoak ere badira, eta horri buruz galdetuta, Erroitzeneak dio helburu nagusia beti bat dela, erabiltzaile kopurua haunditzea: «krisia dela eta, mugikortasun beharra jaisten ari da, eta horrekin batera, garraio publikoaren erabilera. Gure helburua da, pixkanaka, geroz eta gehiagok erabiltzea garraio publikoa. Edota beste alternatibak bilatzea; bizikleta, esaterako».
Parte hartzeko hainbat bide
Herritarren partehartzea ezinbestekoa da proiektu honetan, eta bileretara joaterik ez dutenentzat ere, jarri dute modua. Internet bidez erantzun litezke www.garraioahobetzen.net helbidean; eta diptikoak ere, buzoneatu dituzte.