Gobernu taldeak, 2014ko Udal zerga, tasa eta prezio publikoak aurkeztuko ditu biharko Plenoan. Jakinarazi du, gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, helburu nagusia oreka mantentzea dela: «batetik, Udalak eskaintzen dituen zerbitzu publikoetan ez dugulako murrizketarik egin nahi, eta bestetik, familien presio fiskala ere ahalik eta txikiena izatea nahi dugulako».
Bide horretan, diru-laguntza guztiak eta ondare eta errentaren mailaren araberako deskontu guztiak mantentzeko asmoa dute. «Gainera, laguntza eta deskontu hauek eskatzeko prozedurak sinplifikatu eta errazteko asmoa dugu», azpimarratu dute.
Ohiko etxebizitzak ez
diren etxeetan,
%100eko errekargoa
Egungo egoera kontuan hartuta aztertu dituzte tasa, zerga eta prezio publikoak eta batzuei igoerarik ez aplikatzea proposatu dute, eta igoera dagoen kasuetan, %0,6koa izatea: «%0,6ko kopurua, 2012ko urritik 2013ko irala arteko Hego Euskal Herriko KPIa (IPC) da». Kontribuzioari dagokionez (OHGZ), ohiko etxebizitzaren kontribuzioa berdin mantendu nahi dute, igoerarik gabe. «Eraikin industrialetako kontribuzioa, berriz, igotzea proposatu dugu inguruko herrien kontribuzioarekin parekatzeko bidean. Eta, etxebizitza izateko eskubidea bermatzea hain zaila den honetan, ohiko etxebizitza ez diren etxeen errekargoa %50tik %100era pasa nahi dugu, etxe hauek alokairuan jarriz, hernaniarrek bizileku bat izatea lagun dezakelako», gaineratu dute.