«Triatloi probak ere ‘hirugarren zatia’ izaten du, errugbiak bezala»

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 26a, 02:00

Triatloi karreretan giro be­rezia izango da, inondik ere, gero eta jende gehiago baita­go engantxatuta kirol ho­rre­tara. Zumitza Taldeko ki­deek diotenez, «hirugarren za­tia» izaten du triatloi probak, «errugbiak bezala», eta konpetentziak alde batera utzita, denek elkar anima­tzeko halako joera bat izaten da.
Karreretako giroa maite duten kideak topatu ditu Kronikak Zumitza Taldean, eta horrez gain, giro paregabea, eta aurrera ja­rrai­tzeko ilusioa. Lau urte bete ditu taldeak, eta hamar lagun ari dira bertan; tartean, hiru, hasieratik daudenak: Xabat, Edu eta Lander.

Ahal denean, elkarrekin entrenatzen
Berez, bakoitzak bere kaxa entrenatzen du, astean zehar. Hala ere, whatsapp bidez  abisua ematen dute, bakoitza nora dijoan edo ze entrenamendu egitera, eta ahal dutenak elkartu egiten dira. Asteburuetan, normalean ka­rreretara elkarrekin joaten dira, proba berdina egin be­har dutenak behintzat. «Tal­dean ibiltzea askoz erosoagoa da, eta giro batean sartzen zaitu konturatu gabe». Horrez gain, asteburuetan, Zumitza zikloturista taldearekin askotan animatzen dira entrenatzera, eta beraz, ez da hain zaila Goizueta bidean triatletak ikustea, bizikletan entrenatzen.   
Urtean bi aldiz, gainera, talde osoak proba berdina egiten du, eta asteburu pasa joaten dira: Aritzaleku eta Senperera, hain zuzen.
«Triatloia ez da hain kirol gogorra»
Triatloia kirol bat gehiago da, eta besteetan pasatzen den gisan, norberak egiten du gogor edo ez hain gogor. «Triatloian denetako probak daude: Super Sprinta, Sprinta eta Olinpikoa edozeinek egin ditzake, orduterdi edo bi orduterdiko probak baitira. Ironman erdia edo Ironmana beste kontu bat da. Denbora gehiago eskatzen du entrenatzeko eta esfortzua ere haundiagoa da. Eta horri erantsi behar zaio bakoitzak egin nahi duen denbora, sufritzeko gaitasuna...».
Denetik dago Zumitzan, baina denek diote berez talde amateurra izan nahi duela. «Hemen asko antzematen da bakoitza ze kiroletatik datorren. Igeriketatik datorrenak alde haundia ateratzen du pro­ba horretan, eta txirrindularitzatik datorrenak, berdin. Gure kasuan, dena dela, amateurrak gara, eta ez daukagu ezer eskaintzeko emaitza hobeak ekartzen dituenari. Adibidez, Ibai Alba hasi zen gurekin, baina segituan destakatzen hasi zenez, eraman egin zuten, eta normala da».

Mila arrazoi triatloierako

Arrazoi asko egon litezke triatloian hasteko. «Kirol bakarra egitea aspergarri suertatu liteke, eta hiru kirol egitea ez da hain monotonoa. Osasunari egiten zaion mesedea, adrenalina, gorputza ederrago ikustea...». Arra­zoi­ren batek konbentzitzen ba­zai­tu, badaukazu nora jo.

«Askoz erosoagoa da triatloia
taldean egitea»

ZUMITZA Triatloi taldeak dei egin die interesa duten guztiei taldean apuntatzeko. Bai hasi nahi dutenei, eta baita triatloia egiten beren kabuz ari direnei ere. «Federatuta dabil­tzanei esan nahi diegu, taldean ari­tzea askoz erosoagoa de­la, eta baita merkeagoa ere».
Dei berezia egin diete emakumeei, animatu daitezela. Orain Zumitza taldean Ines bakarrik ari da.

Esfortzu proba, beharrezkoa
Triatloian federatzeko, ezinbestekoa da mediku agiria lortzea, eta horretarako normalean esfortzu proba eskatzen dute. Horrez gain, 70 euro ordaindu eta paper batzuk bete behar dira. Zumitza Taldean informazio hori guztia eta gehiago emango zaie interesatuei:
639 992 318 - 647 670 864
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!