Ez du lehia xamurra izango gaur Hernanik, etxean. Hain zuzen, bigarren postuan dagoen El Salvador taldea izango du aurrez aurre. Valladolideko taldeak bikain hasi du liga, bost jardunalditan 19 puntu lortuta. Juan Carlos Perezek zuzentzen duen taldea oso talde sendoa da, eskarmentua eta gaztetasuna uztartzen dituena. Kontuan hartzeko jokalariak ere baditu: Gerardo De la Llana gaztea, Joe Mamea hirugarren lerroko samoarra (hiru entsaio egin zituen pasa den astean, aurreneko ordu erdian) edo Cesar Sempere, esate baterako. Bestalde, bi jokalari garrantzitsuk taldea utzi dute, besteak beste: Dani Marron eta Jake Carterrek.
Beraz, taldea askorik aldatu ez arren, hazten doala ikusi da denboraldi hasiera honetan eta trikoloreek tentuz jokatu beharko dute.
Arantza ateratzeko asmoz
Aurreko denboraldian, Hernani nagusitu zitzaion El Salvadorri, Landareko partiduan. Lehia borrokatua izan zen eta gaur emaitza berdina errepikatzeko asmoz aterako dira zelaira etxeko mutilak. Gainera, aurreko asteburuan Santanderren aurka sartutako arantza ateratzeko gogoz dira. Eta zeregin horretan ziur, zaletuen bultzada ez dute faltako. Beraz, motibazio aldetik ez da aitzakiarik izango.
Partidua arratsaldeko 17:00etatik aurrera jokatuko da, Landaren.