Hirugarren aldiz antolatu dute Deia egunkariak eta Rekalde Aretoak, Rekalde-Ortzadar Komiki Lehiaketa eta hirugarrengo honetan ere, hernaniar batek irabazi du. Jon Mikel Udakiolak, hain zuzen. Aurreneko edizioan Alai Zubimendik irabazi zuen eta bigarrengoan, Jon Zabaletak. Udakiolak, Txorimaloa komikiagatik irabazi du lehiaketa. Dena dela, ez da irabazle bakarra izan. Piedad Ortiz de Urbina barakaldoarrari ere aurreneko saria eman diote eta elkarren artean banatu beharko dituzte 1.500 euroak. «Bi lanak oso onak iruditu zaizkigu eta buelta asko eman ondoren, biei ematea erabaki dugu», azaldu zuen epaimahaiak. Ortiz de Urbinak Maitasun gozoa komikiagatik jaso du saria. «Originaltasuna, osotasuna eta marrazki eta gidoiaren arteko oreka», saritu dituzte. Sari banaketa, azaro hasieran izango da (data zehazteke).
Erakusketa, Bilbon
Irabazleen eta aukeratutakoen lanekin erakusketa egingo da Bilboko Rekalde Aretoan. Alai Zubimendiren lanak ere aukeratuen artean izango dira.