Pasaleku haundiko tokia zen Karabeleko zubia, eta haren kontra-kontra dagoen taberna ezin gutxiagorako izan. Karabel etxeak hiru bizitza zituen, eta horietako batean taberna. Han egin zuen gaztaroa Maritxu Alkortak (Hernani, 1933). Gaur egun Tolosan bizi bada ere. «Sexteroarenean jaio nintzen ni, baina urtebeterako Karabelen ginen. Gero 25 urtera arte-edo hor bizitu nintzen, tartean Venezuelan denboraldi bat pasa banuen ere. Tabernan lan asko egiten genuen. Aranokoak ziren nagusiak, eta gu errentan egon ginen. Aita eta ama, Agustina ahizpa eta ni, denak hor aritzen ginen, eta laguntzaile bat ere izaten genuen».
Orduko Karabel eta oraingoa ez dira berdinak, eta ederki gogoratzen du Alkortak, zer zen orduan auzoa. «Aurrean eta atzean denak baratzak ziren. Gure etxeak hiru bizitza zituen. Gu bazter batean, beste bazterrean Sebastiana, eta erdi erdian Pepita. Gure etxearen kontra sagardotegia zen lehenengo, eta gero traperia edo trapu-denda, cuestatarrena. Horrez gain, sesterotarren baserria zegoen eta urrutiago Balantxa baserria, azpian burdindegia zuena, eta alboan zerrategia. Geroztik egin ziren Eguzki-Alde baserria, eta gero zabaletatarrak bizitu izan diren etxea. Kerejetak ere geroztik egin zuen etxea, eta azkena blokeak egin ziren».
Karabel, ‘carabela’-k iristen ziren lekua
Gain gainean zuten errioa, eta gogoan du Alkortak barku txikiak ibiltzen zirela bertan. «Barku txikiak ibiltzen ziren, baina haundirik ez, garai batean bezala. Badakizu zergatik zuen Karabel izena? Garai batean carabelak bertaraino iristen zirelako. Portua ere goraxeago zen-eta».
Probetxua ere ateratzen omen zioten errioari, ez nolanahikoa gainera. «Izoki garaia zenean, asko harrapatzen zituzten, eta gero Donostiako jatetxeetan saltzen ziren».
Baina errio bazterreko bizitzak, zerbait badu, arriskua ere beti presente izatea. «Bainatzen ginen, baina bazterrean. Erdialdean indar haundia zuen, eta arriskutsua zen. Eta uholde haundiak zirenean, lantxetan ateratzen gintuzten Karabeletik. Tabernan askotan sartzen zen ura. Uholde haundiagoak edo txikiagoak, baina urten 2-3 izaten ziren. Gogorrena, hala ere, Luis hil zenekoa izan zen, Pepitaren lehengusua»
Zikuñagako langileak eta nagusiak bezero
Karabel tabernan lan asko egiten omen zen. Otorduak ematen zituzten, eta inguruetako langileak askotan biltzen omen ziren bertan. «Otorduak ematen zituzten lekuak ez pentsa asko zirenik Hernanin orduan. Gurea, eta herriko beste dozena erdiren bat. Zikuñagako langileak asko etortzen ziren, eta baita nagusiak ere. Eta geroago beste fabriketakoak ere bai. Sukaldean ondo ikasi genuen han. Pentsa, geroztik, Zikuñaga fabrikan sukaldari gisa hartu ninduten ni».
Geroztik nagusi gehiago izan ditu Karabel tabernak, eta auzoan eta herrian erreferentzizko puntua izan da urte horietan guztietan.
Bi tunel etxearen azpian,
Karabelgo errota izan zeneko arrastoak?
AHOZ aho kontatu diren istorioetan garbi azaltzen da Karabelgo errotaren kontua. Antonio Otegik ere hala esan dio Kronikari, oso garbi, Karabelen errota noizbait izan zela. «Nik ez nuen ezagutu, eta ni baino zaharrago batek, bizi balitz orain 90 urte lituzkeenak, harek ere ez omen zuen ezagutu; beraz, 100 urtetik gora izango dira hor errota izan zela». Dena dela, errotaren arrastoak zein izan litezkeen oso garbi dauka Otegik. Portutik datorren erreka eta apeadero aldetik datorren erreka etxearen azpitik pasatzen ziren garai batean, eta horregatik, etxeak azpian dauka tunela, haundia, etxea batetik bestera pasatzen zuena, eta gaur egun oso zikin dagoena. Tunel horren saihets batean, beste tunel txikiago bat jaiotzen da, eta etxearen aldamen batera dijoa. Hori izango da errotarako ura zeramakien kanala, Otegik dioenez. «Bigarren tunel hori izango da errotaren kanala. Nik gogoan daukat aska moduko batzuk ere bazirela hor».
Udaletxeko paperetan ez da ageri Karabeleko errotaren aipamenik, eta herritarren istorioetan berriz, kontu hori nahiko jakintzat jotzen da. Hiazinto Fernandorena eta Maria Jesus Iartzak egin eta koordinatutako Gure Baserriak. Hernani liburuan hala dio: «Etxeak oraino ere tunela dauka azpian. Errota izana, Urnietatik Portun barna datorren uraz baliaturik».
Gerra garaiko gordeleku, bonbardeoetan. Maritxu Alkortak ez du gogoan hor errota izan zeneko konturik baina ondo ezagutzen ditu etxe azpiko tunelak. Gerra garaian, bonbardeoa zenean, hor azpian gordetzen omen zuten beren burua, eta ez bustitzeko, egurrak-eta jartzen omen zituzten.
Otañok Txirritari bere liburua eman zion Karabelen
KARABEL taberna aurrean jende asko ibiliko zen lehendik ere, eta horietako bat, Txirrita bertsolaria. Pedro Mari Otaño zizurkildarrak (1857-1910) han ezagutu omen zuen Txirrita. Otaño bertsolari famatua zen, eta Txirrita zuzenean ezagutzeko gogoa omen zuen. Zita Karabelen egin, eta bere bertso-liburua ekarri omen zion (Alkar, 1904), Argentinan argitaratua. Txirritak irakurtzen jakin ez, eta tabernan bertan utzi omen zuen liburua. Gero, hainbestean behin, tabernara joan eta han irakurri egiten omen zioten, jende aurrean, eta hernaniar prankok horrela ikasi omen zituen Otañoren bertsoak; baita Txirritak berak ere. Paulo Txikia bertsolariak gogoan zituen kontu horiek, eta elkarrizketa batean esanak ditu, Joxan Goikoetxeak berritu dizkionak, Kronikari.