«Baratza asko egiten genuen eta genero bila etxeraino etortzen ziren»

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 26a, 02:00

Baserritarrak hamaika ofizio izaten dituela esaten da, eta Antonio Otegiren ka­sua (Hernani, 75 urte) izan liteke horietako bat. 9 urterekin etorri zen Oken­doenea baserritik Karabelera, gurasoek egin zuten Eguzki-Alde baserrira, eta geroztik hor bi­zitu izan da, orain dela urte gutxi Lasarte-Oriara joan ziren arte.  Karabelen bizi zirenean, Otegik dioenez, beti begi bat errioari begira edukitzen zuten, eta ia ezinezkoa zen hor baserritk bakarrik bizi­tzea. «Kalte haundiak eragiten zizkigun urak. Urtean 2-3 uholde izaten ziren, eta bara­tzan egindakoa galdu egiten zen. Horregatik, fabrikara joan nintzen lanera, Mendia­renera, edo Gureola Scott fabrikara».

«Karabelera igeri egitera etortzen ziren orduan»  
Orduan eraikuntza gutxi izango ziren Karabel auzoan, eta erribera-ondo haietara jende asko etortzen omen zen erriora, igeri egitera-eta. «Aurre­rago presa zen, eta horregatik, dezenteko putzua zen honaino. Asko kubritzen zuen, eta jendea igeri egitera-eta asko etortzen zen». Ia dena soroa zen garaia gogoan du Otegik. «Pentsa, Ziku­ñagako fabrikako terrenoetan artosaila zen lehenago. Gai­nerako dena ere erribera lu­rra zen, eta gero joan ziren pixkanaka bete­tzen».

Uholdeak noiznahi
Errioaren ondoan bizita, noiznahi izaten omen zuten uholdea, Eguzki-Alden. «Beti errioari erreparatzen. Gauean ere bai, makina bat aldiz. Normalean abisua ematen ziguten, ordubete bat leheneago edo, baina pentsatu hemen urak azkar igotzen zirela. Behin pasa omen zen, Ergobin abisua eman, eta eguzkia. Baina Leitzako gainean sekulakoak boteak izango zituen! Eta hori oso azkar iristen da honera! Goizuetar batek ere kontatzen zuen: goizean errioa harrien gainean pasa, eta arratsaldean etxera bueltatu zenerako aulkiak eramanak omen zituen urak».  

Haundienak, 1948an  
Uholderik haundienak orain dela 65 urte ezagutu omen zituzten, 1947 edo 1948an. «Hura izugarria zen. Hasi Zikuñagako mendiaren kontratik, eta hau dena, Landare eta Floridaraino urak bat eginda joan ziren. Zer ez ote zuen ekarri urak orduan! Luis difuntoa ere uholde haietan hil zen». Otegik dioenez, gaur egun komeriak izango lirateke orduan adina euri egingo balu. «Pentsa orduan ez zela hemen fabrika eta poligono eta etxerik, eta erribera hauek denak urak hartu zituen. Gaur egun ur haien erdiak eginda bakarrik errioa aixa aterako litzateke. Eta orduan adina egingo balu, ez dut pentsatu ere egin nahi. Nik ez dakit nola segitzen duten leku hauetan eraikitzen».

Baserriko lanari
erabat utzi ez  

Baserritik bakarrik ezin bizi, eta fabrikara joan zen Otegi lanera. Ez nolanahiko lana ere! 200 kiloko fardoak karriatzen omen zituzten, eta egunean horrelako asko, ez bat eta bi. Han lan eginda, ordea, etxera etorri eta ez omen zioten lanari uzten. «Beti izaten zen lana etxean. Ganadua zela, baratza zela». 20 bat ardi, 6-7 behi, txerria, oiloak... eta asto bat ere izaten omen zuten. «Arta-besaberako ibiltzen genuen astoa, atzean 7 hortzeko erraminta jarrita, arta-jorrarako lan haundia kentzen zuen. Eta gero makinarekin egiten bazen ere, astoarekin egina askoz hobea izaten zen, ez zuelako lurra hainbeste zapaltzen. Makinak gehiegi zapadu eta ikaratu egiten du, landarea atzeratu egiten da horrela».
Bi sagasti ere izan zituen Otegik bere garaian, eta baratza ere dezentekoa. «Ba­ratza haundia geneukan. Po­rrua 80 ziento eta 100 ziento sartu izan nituen, pentsa. Etxean berdura asko saltzen genuen: tomatea, baina...». Etxe berriak egin zireneko garaiaz oroitzapen ona du Otegik, erostuna ez omen zelako faltatzen, garai hartan. «Etxeak egin zituztenean erostuna ere gehiago genuen, eta guri ondo etorri zitzaigun. Baratza asko egiten genuen orduan, eta genero bila etxeraino etortzen ziren». Hala ere, sobran baldin bazuten, nola enpleatu asmatzen zuten. «Urruzolari eramaten genion, eta hark dena enpleatzen zigun».   

Lasarte-Orian
5 seme-alaba hazita, gaur Lasarte-Orian bizi dira an­dre-gizonak, baserriaren izen bereko etxean, Eguzki-Alde Berrin. Garai bateko sailik ez badute ere, etxe atzeko baratzan piper dexente ateratzen omen dute. Horrez gain, ordea, esku-lanetan pasatzen du denbora, eta egurrezko golde txiki, alper, hare eta abar luze bat eginak ditu, etxeko dekoraziorako. Base­rritarrak hamaika ofizio, hala da esaera, eta hala izaki, otegitarrenean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!