Bihar, aurreneko aldiz, Txantxilla-Santa Barbara-Txantxilla herri krosa izango da, goizeko 10:30etan hasita. Horren aurretik kros txikia ere egingo dute auzoan barrena. Herri krosak honako ibilbidea izango du: Txantxilla-Alberro-Elutxetako malda-Saretxo-ur depositoa-Santa Barbarako fuertea-Agerreburu-Elutxetako malda-Alberro-Txantxilla. Guztira 6 kilometro inguru izango dira. «Berez ez da ibilbide zaila, Santa Barbarako igoera hiru aldapa haunditan egin behar da, baina tartekoa laua da», dio Ibai Albak krosaren arduradun eta atletak. «Teknikoki» ere arriskurik gabea dela nabarmendu du, «gehienean bidea zabala baita». Lehenengo hiru emakume eta gizonentzat sariak egongo dira, baita lehenengo hernaniar emakumearentzat eta gizonarentzat ere. Bestalde, parte hartzen duten guztien artean opariak zozketatuko dituzte.
Sari berezia `kanpai joleei´
Lasterketak berezitasun bat izango du nahi duenarentzat: Santa Barbarako fuertetik pasatzean, ermitara igotzea erabaki eta bertako kanpaia lehenengo jotzen duenak bazkaria irabaziko du Santa Barbara jatetxean, baita oroigarri bat ere. Kanpaia jotzen duten gainerakoek ere oparitxo bat izango dute. Herrian adi-adi egongo dira beraz, kanpai hotsaren zain.
Lasterketan izena emateko www.herrikrossa.com webgunera edo Ibai-mendi kirol dendara jo behar da. 7 euro balio du. Egunean bertan ere eman daiteke izena, kasu horretan, 10 euroan.
Omenaldia, Peru Alfarori
Sari banaketan Peru Alfaro Espainiako triatloi txapeldunari omenalditxoa egingo diote antolatzaileek. Hurrengo edizioetan ere elitean dabiltzan beste hernaniar kirolariei halako omenaldiak egiteko asmoa dute.
Egitaraua
Esnatzeko, diana.
10:30, herri krosa: Txantxilla-Santa Barbara-Txantxilla. Aurretik, kros txikia.
10:30, gaztetxoentzako tailerrak, Gazte Txokoarekin.
10:30, haurrentzako jolasak.
Egun osoan, puzgarriak eta barrakak.
12:00, txupinazoa, Xanti Zubeldia ‘Salsero’ren eskutik.
Ondoren, erraldoi eta buruhaundiak, eta txistulariak.
Gero, pintxo-potea karpan.
13:00, paella razioak karpan.
17:00, haurrentzako ikuskizuna, Apaxi kontalariarekin.
Ondoren, txikientzako entzierroa.
18:00, txokolatada.
18:00, patata tortilla lehiaketa. Entregatzeko ordua, 18:45etan itxiko da.
Ondoren, Hernaniko bertsolari gazteak. Epaile lanetan ere ariko dira.
Ondoren, sardin jatea.
22:00, BH Rojaren kontzertua.
00:00, amaierako txupinazoa.