Preso eta iheslarien eskubideen aldeko mugimenduak deituta, kontzentrazioa egin zen atzo Plazan. Alde batetik, aste guztian zeresana ematen ari den 197/2006 doktrina izan zuten hizketagai.
Kolektiboko 4 preso hernaniarren egoeraren berri eman zuten. «Estrasburgoko epaiaren ostean, doktrina indargabetu eta 56 presok kalean egon beharko lukete gaur bertan. Tartean, Pakito Lujanbio eta Inma Noble hernaniarrek». 2008an zuten biek irteera data, ezarritako kondena bete ostean, baina Parot doktrinaren eraginez, 2014ra eta 2017ra luzatu zizkieten kartzela zigorrak. «5 urte gehiago daramazkite kartzelan eta oraindik ez dakigu noiz eta zer erabakiko duten», salatu zuten. Auzitegi Nazionalak atzo jakinarazi zuenez, ostiralero bilduko dira, azaroaren 8tik aurrera, kasuak aztertzeko.
J.J. Zabaleta Baldo eta Asier Ormazabal ere izan zituzten gogoan. Hauen kasuan, ezarritako zigorra betetzeko dutela aplikatu zaie doktrina eta irteera datak berrikusteko eskaerak egin dituzte.
Sevillako presoen gutuna
Sevilla IIko euskal presoek (bertan da Gurutz Agirresarobe hernaniarra) gutuna bidali zuten bizi duten egoeraren berri emanez eta martxan jarri duten borrokaldiaren arrazoiak azalduz: «Duela lau urte, espetxe honetara lehenengo euskal presoak ekarri gintuztenetik, beti isolamenduko modulo berezian eduki gaituzte. Lau orduko patio aldia baino ez dugu egunean eta bertara hirunaka ateratzen gaituzte, goiz edo arratsalde. Ondorioz, bi egunez behin, ziegan 26 ordu jarraian igaro behar izaten dugu».
Bi preso jipoituta
Hala jarraitzen du eskutitzak: «Patiora ateratzerakoan, metal detektagailutik pasarazteaz gain, ukimenezko miaketa egiten digute gorputz osotik, noiznahi barrabilak edo zakila igurtzitzeraino eta tentsio uneak sortuz. Honek eragindako egoerengatik, 72. artikulua delakoa ezartzen digute sarri eta artikulu honek sortzen duen inpunitateak (kideengandik banatua, bakartasun osoa, inkomunikazioa...) ondorio larriak sortzen ditu askotan: mehatxu eta irainak, oheari eskuburdinekin lotuta bukatzea eta baita jipoi bortitzak eman ere. 2010eko azaroaren 14an lehenengoa, Grapoko kide bati, eta 2013ko martxoaren 25ean bigarrena, Arkaitz Bellon euskal preso politikoari».
Miaketa integralak
Jakinarazi dutenez, aurrez aurreko bisitetatik bueltan, miaketa integralak egin izan dizkiete: «Senideei ere miaketak egin izan dizkiete eta ondorioz, zenbait bisita galdu ditugu».
Sendagilearen asteroko kontsulta ere ez dutela ziurtatua diote: «Ezinezkoa zaigu noiz etorriko den jakitea eta ohikoa da 2 edo 3 astez sendagilerik ez azaltzea. Hainbat kidek osasun arazo kronikoak dituztela kontuan hartuta, ezin larriagoa bilakatzen da egoera hau».
Kexa eta salaketak jarri arren, ez dutela erantzunik jaso diote eta borrokari ekitea dela bide bakarra, «gutxieneko eskubideak bermatuak izateko eta gure aurkako erasoak eteteko». Herritarrei bat egiteko dei egiten diete.
Azaroak 9an, Gernikara
Herriraren aurkako erasoa eta egunero Audientzia Nazionalean epaitzen ari direnak ere gogora ekarri zituzten. Konponbiderako pausoak ematen jarraitzeko asmoa azaldu zuten eta azaroaren 9an Gernikara joateko dei egin zuten.