Pedro Cárcamok bistarazi zuen Lizeagaren 50garren urteurreneko plaka

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 22a, 02:00

Lizeagako auzotarrek gogoratu zuten 50 urte direla auzoa sortu zela. Era berean Musika Bandarekin batea Cárcamori omenaldi txiki bat egiteko ere aprobetxatu zuten atzoko ekitaldia.

Eguerdiko 12:30ak pasa­txoan Pedro Cárcamok plaka bistan jarri zuen, Gay Mur aurrean, Lizeaga auzoak 50 urte jartzen duena. Auzo­tarrak pila pilan egon ziren ekitaldia ikusten, txalapartariak eta aurreskua, eta ondoren familiako argazkia atera zuten, denek batera: lizeagatarrak. Atzoko eguna berezia izan zen Lizeagako auzotarrentzat, urbanizazioa egin zeneko garaietara bueltatu baitziren ordu batzuetan. Aurretik Zaharren Egoi­tzan izan ziren, aurreskua dantzatzen. Gero plaka jarri, eta handik Gay Murreko patiora igo ziren. Han jarrita zeuden argazki zaharrak eta berriak, lehena eta orainaren konparatiba gisara. Lizeagan eta Musika Bandan ia 40 urte Atzoko ekitaldiak beste protagonista bat ere izan zuen, Pedro Cárcamo, 38 urte eta gero banda utziko duena (berak 82 urte ditu). Bandako kide izateaz gain, ordea, Li­zea­gan ia 40 urte daramazki bizitzen, Riojatik etorrita. Ho­rregatik, bere ibilbidea eskertu nahi izan zioten atzo «beti lanean eta protagonismorik nahi izan gabe» ibili izan den gizonari. Plaka bistaratzeaz gain, sari bat ere eman zioten, egindako lanarengatik, kon­tzertua bukatu zenean.


Antzizar pieza, Joxe Mari Oiartzabalek egina
Eguzki betean eman zuen atzo kontzertua Musika Bandak, Roberto Pachecoren zuzendaritzapean. Ikusleen artean, batez ere auzotarrak, eta musika aditu bat baino gehiago. Tartean bat, Joxe Mari Oiartzabal andoaindarra, tronpeta irakasle famatua kontserbatorioan. Oiar­tzabalek egindako Antzizar pieza interpretatu zuen Bandak lehenengo aldiz. Hain zuzen ere, Antzizar da Bandako kide batek erositako baserria, Leitzaranen, Oiartzabalen etxetik oso gertu, 200 metrora. Oiar­tzabal Artetxepe etxean bizi da, eta hark dioenez, Antzi­zarrek baditu gauza bereziak; besteak beste, kukuak beti han jotzea. Hori da, adibidez, pieza berrian agertzen den elementuetako bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!