IRPH Cajas izeneko interes indizea bertan behera geratuko da azaroaren 1etik aurrera (orain 4 urte desagertu behar zuen) eta sekulako ondorioak izango dituzte mailegu hipotekarioetan interes hori duten herritarrek. Guztia argitzeko, hitzaldi informatiboa antolatu du Hernaniko Stop Kaleratzeak taldeak. Bihar izango da 19:00etan Biterin.
200 euro gutxiago, hilabetean
Kutxabanken kasuan, herritarrek zer egin behar duten argi dagoela azaldu du Pedro Pelaz abokatuak eta Stop Kaleratzeak taldeko kideak: «Kutxabanken kasuan, kontratuetan bilduta dago, IRPHa desagertuz gero, aplikatuko dutela Euribor+1. Baina orain ez dute hori bete nahi. Eta hala eginez gero, 200.000 euroko mailegua daukan pertsona batek, hilabetean 200 euro gutxiago ordainduko lituzke. Pentsa urtean zenbat diru den!», dio Pelazek.
Horren aurrean, askoren ezjakintasuna aprobetxatuz, bankuak, maileguen errebisioak egin arte atzeratzen edota IRPH Entidades delakora aldatzen saiatzen ari direla gaineratu du, %3,90eko interes finkoa ezarriz. «Oraingoan ere, Espainiako Gobernuak zirrikitu bat utzi die bankuei eta onartu du, IRPHa aplikatu daitekeela errebisioa egitean. Eta bitartean IRPHa aplikatzen doaz. Baina Kutxabanken kasuan, bere kontratuetan dio IRPHa desagertzean Euribor+1 aplikatuko duela, beraz, ez da ari kontratua betetzen eta horren aurrean, demanda jarri liteke».
Eskrituretan begiratu
Pelazen esanetan, Kutxabanken hipoteka kontratuen %60ak IRPH Cajas dauka. Norberaren mailegu eskrituran ikusi daiteke interes tipoa. Herritarrei dei egiten die informatzeko eta hitzaldira azaltzeko.