Estrasburgoko epaitegiak atzera bota zuen atzo Espainiako Gobernuak jarritako helegitea, Ines Del Rioren kasuari lotua. Berretsi du 197/2006 doktrina edo Parot Doktrina giza eskubideen kontrakoa dela eta Del Riok aske egon behar duela lehenbailehen. Gaur aztertuko du Auzitegi Nazionalak Del Rioren kasua, ez ohiko plenoan.
«Gainontzekoek ere, kalera atera beharko lukete»
Aiert Larrarte abokatu hernaniarrak Kronikari azaldu dioenez, «epaia estrapolagarria da eta doktrina aplikatu dieten gainontzeko presoek ere kalera atera beharko lukete automatikoki». Dena dela, Barne eta Justizia ministroek atzo adierazi zuten, Del Riorena kasu konkretu bat dela eta gainerako kasuak banan bana aztertu beharko direla. Sententzia aplikatzea Auzitegi Nazionalari dagokiola gaineratu zuten.
Egoera berean dauden euskal preso politikoen askatasun eskaera guztiak, atzo eta gaur bitartean egingo dituzte abokatuek.
(56 dira kolektibokoak).
Parot Doktrina aplikatu zaien 5 preso hernaniar daude. Pakito Lujanbio eta Inma Noble laster geratu litezke aske, epaiaren arabera. Jose Javier Zabaleta Baldok, Asier Ormazabalek eta Kepa Pikabeak zigorra betetzeko dute.