Asier eta Joakin Agotek irabazi zuten atzo pilpil txapelketa, beste 19 bikoteren artean, eta Atsegindegi jendez eta festa-giroz gainezka zela jaso zuten saria. Bigarren saria, Koldo Alkorta eta Juan Luis Uralde; eta hirugarren, Pili Lasa eta Lourdes Lasa. Besteak beste, irabazleek Basque Culinary Centerren kurtsoa irabazi dute, kopa degustazio bat (ardo bakoitzak bere kopa behar duelako).
Aste guztian zehar ibili da jendea herrian, bakailu astea dela eta, eta antolatzaileek oso balorazio ona egin dute. Atzo ere Urbieta kaleko azokan joan-etorri haundia ibili zuten, eta zer esanik ez Atsegindegin, batez ere, eguerdiko 13:00ak aldean. Azken egunak, aste osoaren ispilu izan nahi zuen, itxura denez.
110 kg bakailu eta 700 baso
Kontuak garbiak dira, eta atzo 700 sagardo baso saldu ziren, eta 110 kg bakailu jan, pintxotan. Soziedadeetako kideek prestatu zuten ajoarrieroa, eta Berriakeko kideek zerbitzatu. Sagastialde, Elur-Txori, Etxeberri, Txalaparta, Elizatxo eta Santa Barbara elkarteetan 70 kg ajoarriero prestatu ziren. Eta horiei erantsi behar zaizkie 19 bikoteek prestatutako pilpilak, guztira, 110 kg bakailu.
Irrintziko pintxo onena
Sari gehiago ere izan ziren. Pintxo lehiaketa Irrintzik irabazi zuen, Fagollagan afaria. Eta kasualitatea, pilpil txapelketan parte hartutakoen artean egindako zozketa ere Agotetarrek irabazi zuten, Iturralden afaria.