Gipuzkoa Zero Zabor, Hernanin Zero Zabor eta Usurbil Zero Zabor elkarteek hirugarren jardunaldiak antolatu dituzte, Atez Atekotik Zero Zaborrerantz lelopean. Oraingo honetan, gai monografiko bat landuko dute: Konpost Egunak. Bihar Hernanin izango da eta igandean Usurbilen. Hernanirako, mahai ingurua antolatu dute, 19:00etatik aurrera, Biterin. Sei hizlarik hartuko dute parte, bakoitzak gai bat landuz 10 minutuz. Konpostari buruzko informazio zabala eta osatua lortzeko aukera izango da. GZZ elkarteak honakoa adierazi du : «Urte gutxitan, herritar kontzientziadun minoritarioen jokabide militante izatetik, kasik modako fenomeno bihurtu da konpost egitea Gipuzkoako eta Nafarroako herri askotan. Milaka familia ari dira. Hiri hondakinen kudeaketan osagai funtsezkoa bihurtu da konpostatze autogestionatu hau».
Hizlariak eta gaiak
- Joxemari Irazusta (Usurbil, Zero Zabor taldeko kidea): Auzo-konpostaren egoera Gipuzkoan 2013ko urrian.
- Orkatz Goenaga (teknikaria Urola erdian, Zero Zaborreko kidea Tolosan): Auzo-konpostatzaileak lortzeko sustapen kanpaina desberdinak.
- Imanol Biain (Oñatiko Zero Zabor taldekoa, Natur eskolako langilea): Gune urbano trinkoetan auzo-konpost guneak non, nolakoak? Hautatzeko irizpideak.
n Gorka Egia (Orendaingo alkatea): Nola lortzen da herri oso bat konpost egiten jartzea?
- Xabat Larrarte (Hernanin Atez Atekoaren teknikaria): Autokonpostatzen hasteko herritarrei eman beharreko trebakuntzaren edukia.
- Jon Ander Galarraga (Hondakinetan aditua): Egituratzailearen aukeraketa.
*Ondoren ordu erdi inguru egongo da galdera-erantzunetarako.