Estrasburgoko Epaitegiak gaur goizean iritzia emango du Parot doktrinari buruz, 11:30etan sententzia publikoki irakurrita. Ines del Rio presoaren kasua iritsi da Estrasburgora, eta hari buruz esaten duenak, Parot doktrina aplikatua duten preso guztiei eragingo die.
Guztira ia 80 presok daukate doktrina hori aplikatua, eta horietatik 50 bat dira Parot doktrinagatik ez balitz kalean beharko luketenak. Hernanin bi daude kasu horretan: Pakito Lujanbio eta Inma Noble. Gaur Europak esaten badu Parot doktrina ez dela legezkoa, Lujanbiok eta Noblek kalera atera beharko lukete.
Beste hiru presoren sententziak aldatuko lirateke
Lujanbio eta Noblez gain, beste hiru preso ere badaude Hernanin, Parot doktrina aplikatua daukatenak, baina horien kasuan kartzelan segi beharko lukete, euren sententziak bete gabe baitituzte. Horiek dira, Jose Javier Zabaleta Baldo, Asier Ormazabal, eta Kepa Pikabea, hain zuzen.
Kontzentrazioak gaur, Donostian eta Hernanin
Kontzentrazioak antolatu dituzte gaur, Donostian eta Hernanin, eta Hernaniko Sortuk dei egin die hernaniarrei bertara azaltzeko. 11:00etatik 13:00era Bulebarrean, eta 20:00etan Gudarien plazan.