Txantxillako auzo elkarteak egun osoko festa antolatu du aurreneko aldiz. Urriaren 26an izango da, gaur zortzi. Auzoa dinamizatu eta elkarrekin ondo pasatzea dute helburu, eta hernaniar guztiak gonbidatzen dituzte bertara. Ekitaldiak ez dira faltako goizean goizetik. Auzotarrak esnatzen hasteko, diana izango da txistulariekin. Ondoren, 10:30etan hasiera emango zaio Txantxilla-Santa Barbara-Txantxilla kros herrikoiaren lehenengo edizioari. Lasterketa hasi aurretik haurrentzako kros txikia ere izango da auzoan barrena. Haurrek eta gazteek ez dute aspertzeko denborarik izango. Gazte Txokoarekin elkarlanean hainbat tailer antolatu dituzte 10:30etatik aurrera. Jai Batzordeak ere txikiagoentzat tailerrak eta jolasak prestatu ditu ordu berean. Bestalde, puzgarriak eta barrakak jarriko dituzte asteburu osoan.
Txupinazoa, bertan bizi izan direnak gogoan
Festen hasiera ofiziala eguerdian izango da. Jai Batzordeak ekitaldi xume bat antolatu du horretarako: «Gurea auzo berria da, baina lehenago ere hemen hainbat familia bizi izan da. Ekitaldian hori gogoratuko dugu», dio Iratxe Apaolaza batzordeko kideak. Aurten txupinazoa Xanti Zubeldia Salserok botako du, Txantxillan urte luzez baratza eta etxola edukitakoa eta herriko festei oso lotua.
Txupinazoaren ondoren erraldoiak eta buruhaundiak ibiliko dira, txistularien laguntzarekin bazterrak alaitzen.
Antolakuntzak karpa haundi bat jarriko du plazan eta bertan prezio sinboliko baten truke, pintxo-potea hartu ahal izango da. Asetuta geratu ez denarentzat, eguerdiko 13:00etatik aurrera, paella razioak banatuko dituzte.
Arratsaldean: entzierro txikia, bertsolariak...
Bazkalostean, siesta gogorik ez duenarentzat mus eta toka txapelketak izango dira. Horrez gain, 17:00etan, haurrentzako ikuskizuna egongo da karpan, Apaxi Kontalari-ren eskutik.
Horren ondoren, aurtengo ekitaldi izarretako bat hasiko da: txikientzako entzierroa, Hernaniko dultzaineroek girotuta. «San Ferminetako Miurei inbidiarik ez dieten zezen gurpildunak aterako ditugu», azaldu du Urtzi Garciak. Horietako batek gainera historia bitxia du atzean, Xanti Salserok egina da eta aurpegi berrituta kaleratuko dute. Aspaldi Txantxillan izaten ziren zezenketak garai modernoetara nolabait egokitzeko modua litzateke, Jai Batzordearen ustez.
18:00etatik aurrera txokolatada izango da. Bestalde, ordu horretan zabalduko da patata tortilla lehiaketara aurkezteko tartea. Hernaniko bertsolari gazteek emango dute epaia, bertsotan. Ondoren bertso saio txiki bat egingo dute.
Afari-meriendarako aukera ere izango da Txantxillan. Patata tortilla dohainik banatuko da eta horrez gain, sardina jatea ere izango da, DJ Bit-en musikaz animatuta gainera. 22:00etan, berriz, BH Roja taldeak kontzertua eskainiko du ska eta rock & roll erritmopean.
Gauerdian, festa amaierako txupinazoa eta traka botako dituzte eta halaxe esango diete agur Txantxillako 2013ko festei.
Herritar guztiei irekia
Jai Batzordearen esanetan, «Txantxilla beti izan da toki berezia hernaniarrentzat. Kanposantu izateari utzi zion eta futbol zelai bilakatu zen, baina futbolaz aparte makina bat ekitaldi antolatu izan dira. Aurrerantzean ere, hernaniar guztiei irekitako auzoa izan nahi luke eta halaxe antolatu ditugu festak».
Herriko hainbat jende eta talde inplikatu dira festetan parte hartzeko eta diruz laguntzeko, eta horiei eskerrak eman nahi dizkie Jai Batzordeak. Eta oraindik lan taldeetan izena eman ez dutenak animatu nahi ditu: «Egun polita izango da, baina are politagoa denon artean egiten badugu».