Sugeei buruz hitz egin eta bizirik ikusteko aukera, gaur

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 17a, 02:00

Gauza asko esaten dira sugeengatik, baina benetan ezagutzen al ditugu? Gaur izango da aukera Ereñotzun, 19:00etan.

ba al dakigu berez bost suge espezie bakarrik direla Her­na­ni inguruan? Eta egia al da beraietaz esaten den guztia? Subegorriyak kumeak zuzenean jaiotzen omen dituela eta beste espezieek arrautzatik? Edo egia al da subegorriyak bakarrik daukala pozoia? Ur-subia eta subegorriya berdinak al dira? Egoitz Alkorta hernaniarrak argituko ditu gaur sugeei buruzko galdera edo usteak, askotan hala direnak, eta beste askotan ez. Sugeak Hernanin: uste okerrak gezurtatuz hitzaldia emango du Alkortak, 19:00etan, Ereño­tzuko Kultur Etxean. Azal­penak entzun eta sugeak zu­zenean ikusteko aukera izango du gaur, Ereñotzura inguratzen denak.

Udazken kulturaleko lehendabiziko ekintza
Ziraba proiektuaren barruan antolatu dute hitzaldi hori, eta aldi berean, hasiera eman­go dio aurtengo Ere­ñotzuko udazken kulturalari. Igandera arte ekitaldi mor­doxka prestatu dituzte Ere­ñotzun. Bihar pelikula emango dute: Gartxot, Itzaltzuko bardoari buruzko luzemetraia, 22:00etan.

Epelerrekan putzua, auzolanean
Larunbatean ere Ziraba proiek­tuko beste ekintza bat egingo dute. Epelerrekan hiru putzu sortuko dituzte auzolanean, anfibioentzat. Antola­tzaileek jakinarazi dutenez, uretako botinak eramatea ko­menigarria da. Zita, 10:00­etan, Epeleko haur-parketik abiatuta.

Mendi buelta eta auzoko festa, igandean
Egun haundia dute igandean. Goiztiarrenek mendi buelta egingo dute, 09:30etan Epele­ko parketik abiatuta. Arra­tsaldean berriz, auzoko festa dute, frontoian: bertako sa­gar­doa eta gaztain erreak, auzoko produktuen azoka, eta patata tortilla lehiaketa.

Wukroko argazki erakusketa
Udazken kulturalak segi egingo du datorren astean eta azaroan ere, eta bitarte horretan guztian (azaroaren 9ra arte) argazki erakusketa jarria egongo da, Wukrori buruzkoa, Mikel Aristregi hernaniarraren eskutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!