azken ikutuak emanda, martxan dira Hernaniko herri baratzak, Antziola eta Sagastialden. Momentu honetan ia baratza guztietan ari dira lanean, eta eskaera egindako ia denek lortu dute lur-saila, urtebeterako (lau urtez luzatu liteke gehienez).
Atzo inauguratu zuten modu ofizialean Hernaniko Baratza Parkea, Gipuzkoako 5garrena, Lezo, Usurbil, Alegia eta Tolosaren atzetik. Hernaniko Kutxabankeko ordezkariak izan ziren bertan, Nora Egaña eta Xeber Irastorza, eta baita Kutxa Ekoguneko arduraduna Mikel Insausti eta Hernaniko Alkatea ere, Luis Intxauspe. Adierazi zutenez, dagoeneko uztak jasotzen hasiak dira baratzagile asko. Interesa azaldu zuten ia denek lortu dute baratza zati bat, eta gainerako 3-4 pertsonak itxaron zerrendan daude. Horrez gain, badira baratzak banatu eta gero ere izena eman duten herritarrak. «16 partzela banatu zaizkie langabetuei, 14 partzela jubilatuei, 16 par-tzela 30 urtetik beherakoei, eta gainerako 20 partzelak zozketatu egin dira.
Baratzagintza ekologikoa, eta bertakoa
Baldintza bereziak beteko dituzte baratzaok. Mikel Insaustik lau puntu azpimarratu zituen. «Modu ekologikoan egingo dira, elkarte bat sortu dute baratzagile guztiek Udala eta Ekogunearen bitartekari lanak egingo dituena, etxerako produzituko da, Gipuzkoan baratza parke sarea osatzen ari gara, eta herriari parke bat gehiago eransten diogu, berezia, baina parke itxura hartzen duena». Alde horretatik, Insaustik esan zuen, ikastaroak oso balorazio ona izan zuela, oinarrizko nozioak eman dizkielako baratzagileei baratza modu ekologikoari buruz.
Etorkizuna oparo
Etorkizunerako hondar alea jarri dutela erabat konbentzituta azaldu ziren lau kideak. Gaur egun 66 partzela daude martxan herritarrentzat, eta taldeentzako beste bi ere bai. Tartean konpartitzeko ura eta erramintak dituzte, txabola batzuetan, eta horrek giro polita sortu omen du baratzagileen artean.
Informazio gehiago nahi duenak, internetez: www.hernani.net edo www.baratzeparkea.ekogunea.net.