Hernaniko taldea sortu da eta asteartean bilera informatiboa egingo dute Biterin

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 13a, 02:00

Sortu da herri mailako Fiare Hernani-Urnieta taldea, Fiare banku etikoari buruzko hainbat hitzaldi eta bilera informatibo egin ostean. Eta taldekideek jakinarazi dutenez, asteartean bilera informatibo bat egingo dute 19:00etatik aurrera, Biterin. Dei egiten diete bilerara azaltzeko, proiektuaren berri izan edota taldean parte hartu nahi duten guztiei. Azalpenak gazteleraz ere emango dituzte.
Gaineratu dutenez, asmoa da proiektua 2014rako indar­tzea, Europa mailako banku etiko bat sortzeko bidean. Ho­rretarako, Italiako Banca Po­po­lare Eticarekin bat egingo da.

Guztien interesa helburu
«Banku etikoak, banku tradizionalen alternatiba izan nahi du, milioi askoko irabazien aurrean, inpunitate osoaren aurrean, espekulazioaren bidean, etxe kaleratzeetan... Banku etikoa, entitate finantzieroa izango da, eta errentagarritasun ekonomikoa lortzeaz gain, helburu izango du gizartearentzat eta ingurumenarentzat onuragarriak diren proiektuak finantzatzea, eta errealitatea aldatzea», azaldu dute.
Eta zentzu horretan egingo dute lan: «Errealitatea eraberritze horretan, proiektu hau osatzen dugun per­tsona guztiek parte hartu nahi dugu, pertsona guztien eskuetan egongo den banku baten eraikuntzan; kreditua izanik, justiziara bideratzeko, garapenerako, baztertuta edo halako arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko, ingurumenaren jasangarritasuna bultzatzeko edo kooperatibismoa indartzeko. Guztia, irabazteko asmorik ez duen eta guztien interesa helburu izango duen banku alternatibo baten bidez».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!