Amaia Irazustabarrena, munduko onenen artean, Uruguayen

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 12a, 02:00

Munduko Trinkete Txa­pel­keta bihar hasiko da Uruguayen, 22 urtez azpiko mailan, eta aurten Herna­niko palista bat tartean izango da, Amaia Irazustaba­rre­na. Sei egunez, munduko pelotari gazterik onenen kontra neurtuko ditu in­da­rrak. Kontrarioak gogorrak: Frantzia eta Venezuela batetik, eta Argentina, Mexiko eta Uruguay bestetik.

Aburuza eta Contin lagun
Aukeraketa luzea izan da, eta hainbat palistaren artean hiru bereizi dituzte mundialean Espainiako Selekzioan ari­tzeko: Amaia Irazustabarrena hernaniarra, Maitane Abu­ruza zizurkildarra eta Rebeka Contin nafarra. Hernaniar bat mundialetarako aukeratzea ez da nolanahikoa, Hernaniko pala taldetik Kronikari jakinarazi diotenez, eta Hernanirentzat sekulakoa da, kontuan izan­da, gainera, aukeraketa horretan beste hiru hernaniar ere izan direla: «Ez da errexa. Jende askoren artean egiten da aukeraketa, eta gainera, prozesua bera ere luzea izaten da. Hernanin ez dago trinketerik eta Amaiak ibili behar izan du Lekunberrira eta Iruñara joanez. Mundialista izatea ez da broma, horraino ez da edozein iristen. Horrez gain, aipatu nahiko nituzke beste hiru hernaniarrak ere, aukeraketa horretan ibili baitira haiek ere: Eli Pagola, Miren Goikoetxea eta Ariane Arrieta. Herri bateko lau palista mundialeko aukeraketan izatea asko da» adierazi dio Kronikari, Gar­biñe Tijerok.

Uruguay faborito
Sei selekzio ariko dira elkarren kontra, eta denen artean faborito jotzen dute Uru­guay­ko selekzioa, etxean ariko de­na. Bi taldetan banatuta ari­ko di­ra. Batetik, Fran­tzia, Ve­ne­zue­la eta Espainia; bestetik, Ar­gen­tina, Mexiko eta Uru­guay. Partiduak sei egunez jo­katuko dira, eta aukera izango da internet bidez ikus­teko: www.adinettv­.com.­uy­/­eventos. Informazio gehiago nahi izanez gero, web hone­tan: www.centropelotarismercedes.com.uy.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!