Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Urumea errioko 74 hektarea Babes Bereziko Eremu (BBE-ZEC) izango dira hemendik aurrera. Hasi Nafarroako mugatik eta Astigarragako mugaraino, ibaiaren 74 hektareei babes haundiagoa eman die. Lehen ere interes bereziko leku bezala zeuden katalogatuta errioak berak markatzen dituen muga horiek, eta hargatik ageri ziren Europako Natura 2000 Sarearen barruan. Orain hartu den erabakiaren arabera, zonalde horien biodibertsitatea mantentzeko lanak egingo dira, eta horrek suposatuko du beste zenbait ekintza ezin egin ahal izatea.
Gazi-gozoak
Albiste horrek gazitik gehiago izan lezake ordea, berez, Hernaniko Udalak eskaera egina baitzeukan 256 hektarea babesteko, eta hori ez da onartu. Urumea errio nagusia bera babestuta geratu da, beraz, baina proposatuta zeuden beste bost erreka, eta hiru erriberak ez. Babestea proposatuta zeuden errekak hauek dira: Epelerreka, Usokoerreka, Erramuerreka, Sagarreta, eta Etxolaberri-Urruzono; erriberak berriz: Altzueta-Iparragirre-Elorrabi, Osiñaga eta Portu-Karabelgo zati batzuk.
Pausoka egin beharreko kontua
Oraingoz ez dago garbi zergatik ez diren babestu proposamenean zeuden 256 hektareak. Itxura denez, pausoka egin beharreko kontua da, eta lehendabizi BBE-ZEC bihurtu behar dira lehen GKL-LIC ziren 74 hektareak, eta gero anpliazioa egin behar da 74 hektarea horietatik 256 hektareetara. Horrek eskatuko luke, lehen egindako eskaera berriro egitea, eta Gipuzkoa osoan egin den prozesua berriro hastea (kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzak proiektu orokorrago baten barruan sartu duela Urumeako babes guneak zehazteko lana, eta Gipuzkoan beste 5 errio ere babestu dituela).
Zientzialariek eskatu dute hektarea gehiago babesteko
Hiru biologok idatzitako artikulu zientifiko batek dioenez, Urumeako babes eremua haunditu egin beharko litzateke, bertako fauna eta flora babestu nahi badira. Aranzadiko Munibe aldizkari zientifikoaren interneteko bertsioan publikatu berri dute artikulua, eta berehala publikatuko da paperean ere. Iñaki Sanz-Azkue, Joserra Díez-López eta Ibai Olariaga-Ibargurenek publikatu dute artikulu hori. Lan horretan hitz egiten dute mehatxu egoeran dauden zazpi landareri buruz; Hernanin egindako lana, hain zuzen. Hernanin badira zazpi landare horiek. Hiru zientzialariok diotenez, beste leku askotan galduta dauden espezieak agertu dira Hernaniko erreketan, eta hori babestu nahi bada Interes Bereziko Gune izendatu beharko lirateke Urumea eta Urumearen erreka-adarrak.
Landare horiek babesteko beste aukera bat ere proposatzen dute: hiru mikroerreserba txiki egitea, landareok gehien azaldu diren erreketan: Apaizeta, Azketa eta Kartolaerrekan, hain zuzen.
Artikulu zientifiko horretan (*) azpimarratzen dira, besteak beste, zerrenda gorrian dauden zazpi landare horiek non agertu diren. Erreka horietako batzuk Aiako Harria parke naturalaren barruan daude, baina beste batzuk (gehienak) Aiako Harria parketik kanpora. Besteak beste horrexegatik diote, hain garrantzitsua dela erreka horiek babestea.
(*) Artikulua eskuratu nahi duenak: IÑAKI SANZ-AZKUE, JOSERRA DÍEZ-LÓPEZ, IBAI OLARIAGA-IBARGUREN, Inventory and mapping of red-listed vascular flora in Hernani municipality (Gipuzkoa, Basque Country) - (Ciencias Naturales-Natur Zientziak) • Nº 60 (2012) • pp.7-38 DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN ISSN 0214-7688