Euskal dantzak gustoko dituztenek, arratsalde pasa ederra izango dute gaur Atsegindegin. Alde batetik, 18:30etan, Iruñeako Ortzadar dantza taldeak emanaldi berezi bat eskainiko du. Eta bestetik, 19:30etatik aurrera, erromeria izango da, hilabetero bezala.
39 urteko ibilbidea
Ortzadar Euskal Folklore Taldea 1974an sortu zen Iruñean. Orduz gero, euskal musika eta dantza tradizionalaren inguruan ikerketa eta zabaltze lan izugarria egin du, ondare hori landu eta dantza emanaldietan eskaintzearekin batera. Euskal folklore eta kultura tradizionalaren inguruan erreferente garrantzitsu izan dira, besteak beste, Folklore Jardunaldiak 1985etik Ortzadarrek Iruñean antolatu dituenak.
Dantza saio hau, elkartruke baten emaitza da, Hernaniko Musika Eskolako herri soinu tresnetako ikasleek eta Oiartzungo herri musika eskolakoek Ortzadarrekin egindakoa.
Erromeria, Jeiki Hadirekin
Hilabetero bezala, erromeria antolatu du gaur San Joan Konpartsak, Atsegindegin. Oraingo honetan, Jeiki Hadi taldearen eskutik izango da.