Narrasti eta anfibioentzako putzua, 13 ekintzetan aurrenekoa

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 10a, 02:00

Putzua Epelen egingo dute, Zepadi inguruan, eta auzolanean bukatuko dute hilaren 19an. Ziraba proiektua, Hernaniko ondare naturala ezagutzera emateko jarri dute martxan 5 eragilek.

Hernaniarrak herriko ondare naturalera gertura­tzeko asmoz, Ziraba proiektua jarri dute martxan 5 eragilek: Hernaniko Udalak, Ere­ño­tzu­ko Auzo Udalak, Dobe­ra Euskara Elkarteak-Kroni­kak, Txirrita eskola eta Aranzadi elkarteak. 13 ekin­tza antolatu dituzte eta horietan aurrenekoa izango da, narrasti eta anfibioentzako putzua. Epelen egingo dute, Zepadi inguruan. Lehenbai­lehen hasiko dira eraikitzen (eguraldiaren arabera) eta hilaren 19an, auzolanean bukatuko dute.

Hezkuntza, zientzia, dibulgazioa, auzolana, euskera...
Proiektua atzo aurkeztu zuten eta Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen, Udala lanean ari dela ondare naturala ezagutarazi nahian, eta azken hau beste proiektu bat dela bide horretan, «baina ga­rrantzia berezia duena. Izan ere, eragile desberdinen artean jarri dugu martxan eta auzolana ere izango du oinarri».

Ereñotzuko Auzo Udale­tik, Ana Santa Cruzek azpimarratu zuen putzuak izango duen garrantzia anfibio eta narrastien biodibertsitatean. Ereñotzuri begira, beste interes gune bat ere izango dela gaineratu zuen. Auzolanare­kin, berriz, natura babesteko inplikazioa lortu nahi dute.

Ereñotzuko Txirrita eskolako haurrek ere parte hartuko dute proiektuan. Putzua egiten lagunduko dute eta ondoren, ikertzaile lana egingo dute, besteak beste.

Dobera-Kronikak, berriz, bilketa lan bat egin du anfibio eta narrasti espezie bakoi­tzari Hernanin nola deitzen zaion jakiteko. Hortik, proiektuaren izena, adibidez: ziraba, hala esaten baitzaio Hernanin, ziraunari. Anfibioen fitxak argitaratuko ditu, eta argazki lehiaketa antolatuko du.

Aranzadiko Ion Garin biologoak nabarmendu zuen proiek­tu honetan bat egiten dutela arlo ezberdinek: hezkuntzak, zientziak, dibulga­zio­ak, auzolanak, euskerak... Eta hori guztia biltzen dutela anfibio eta narrastiek. Mundu mailako espezie mehatxatuenak di­ra eta Aranzadik aholkularitza eta ikerketa lanak egingo ditu.

15 bat metroko putzua
Putzu nagusi bat egingo dute Epelen. 15x6 metroko zabalera izango du gutxi gorabehera, hau da, 90m2. Putzu ho­rren inguruan, beste bat edo bi txikiago ere egingo dituzte auzolanera gerturatzen diren herritarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!