Inmigrazioaren eta etorkinen inguruan sortzen diren aurreiritzi eta zurrumurruak ikusita, tailerrak antolatu ditu Hernaniko AMHER-SOS Arrazakeria elkarteak. Aurreko astean izan zen aurreneko saioa, Xabier Aierdi soziologoaren eta Begirune elkarteko kidearen eskutik. Bihar, bigarren saioa izango da. Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeriako kideak gidatuko du saioa eta zurrumurruei erantzuten ahaleginduko da. Arratsaldeko 19:00etan izango da Biterin.
Europan, eskuin muturreko joerek hartu duten indarra aztergai
Alde batetik, inmigrazioari buruz Hernanin sortzen diren zurrumurru nagusien azterketa egingo du. Bestetik, gaur egungo giroan zurrumurruei eman ohi zaien erabilpen eta arrazoien azterketa politikoa egingo du. Aipamen berezia egingo die Europan, eskuin muturreko joera desberdinek hartu duten indarrari.
Beste bi saio
Beste bi saio ere izango dira. Hurrengoa, urriaren 23an: Zurrumurruak kudeatzeko komunikazio eta emozio estrategiak. Raquel Moreno D-CASeko kideak emango ditu azalpenak.
Azken saioa azaroaren 7an izango da. Bertan, galdera honi erantzungo zaio: Zer egin dezakegu hernanin zurrumurruen aurka?
Herritarrei parte hartzeko dei egiten diete AMHEReko kideek.