Larre-gain sagardotegiarekin elkarlanean, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eskaintza berri bat prestatu du, Gozatu Hernanin: sagardogintza, sarobeak eta trikuharriak leloarekin. «Helburua da, Hernaniko kultur ondarea ezagutzera ematea eta baloratzea, modu atsegin batean», azaldu dute. Hori horrela, honakoa da eskaintza: mendi ibilaldi gidatua eta Larre-gainen bisita, otordu eta guzti. Urrian, larunbatetan izango da aukera, aste honetan hasita. Gainerako hilabeteetan, egunero izango da aukera (astelehenetan ezik), gutxieneko taldea osatzen bada (20 pertsona). Edozein kasutan, aurrez izena eman behar da.
Ingurua eta sagardogintza ezagutzen
Mendi ibilaldia gidatua izango da eta zailtasun bajukoa. Bisitariak Aiako harriko parke naturalean barrena ibiliko dira, Saratsetako lepoan, besteak beste. Inguruneko paisaia kulturala ezagutuko dute: sarobeak eta trikuharriak dira ondare horren izarrak. Ibilaldiak 2 ordu inguruko iraupena izango du.
Larre-gain izango da helmuga eta bertan sagardogintzarekin lotutako hainbat arlo landuko dira: sagastiak, sagarrondoaren zikloa, sagardoa egiteko prozesua... Garai bakoitzak eskaintzen dituen aukerak ere aprobetxatuko dira sagardogintzaren lanak ezagutzeko: sagar-jotzea, botilaratzea... Urrian, sagar-jotzea ezagutzeko aukera izango da. Bisitak, ordubete inguru iraungo du. Ondoren, bazkari edo afari goxoa izango dute zain.
Herritar guztiei eta taldeei zuzendua
Eskaintza berezi hau herritar guztiei eta taldeei dago zuzendua. Prezioak: 33 euro (28 euro sagardotegiko menua kafearekin+5 euro irteera) eta 31 euro (28 euro sagardotegiko menua kafearekin+3 euro 5-12 urteko haurrak).
Izena emateko: 943 49 50 69 edo 943 55 58 46.