Ontto kolpe polita izan da joan den astean Arano eta Goizueta inguruan, baina «onttoa onttoaren gainean» atera dela esateko adinakorik nekez. Joxe Juan Zabala aranoarrak bilatu duen ontto-zuria ikusita ordea, esan liteke besterik. Boletus aestivalis bat da, udako ontto-zuri gisan ezagutzen dena; haundiaren gainetik bigarren txiki bat jaiotzen zaio ordea, eta hori ez da normala izaten. «Bata bestearen ondoan asko azaltzen dira, edo zuztar bat baino gehiago elkartuta. Baina baten txapelaren gainean bestea, hori ez nuen inoiz ikusi nik, eta 40 urtetik gora daramazkit onttotan. Nere bizitza guztia», dio Zabalak.
Naturaren kapritxo bat...
Hernaniko Kronikak jakin ahal izan duenez, naturaren kapritxo bat da kasu hori. Ibai Olariaga donostiarrak ere, 4-5 aldiz ikusi izan omen du horrelako gauza bat. Olariaga doktorea da mikologian, eta Europako mikoteka garrantzitsueneko arduraduna, Suediko Uppsalan, Museum of Evolution, Botany (Hernaniko Natur Ondarea ikertu zuen hainbat urtez). Olariagak dioenez, «naturan gertatzen diren gauzak» dira horiek, baina arrazoi jakin bat zail da ematen.
Aranon berriz ere onttoa onttoaren gainean ateratzeko itxoin beharko da pixkat. Zabalak dioenez hurrengo ilargian beste kolpe polit bat izan liteke... ea zer ematen duen. Bitartean, on egin dezaiola hori tortillan jan duenari!