Hernaniko 500 ikasle inguru, trafiko istripuen prebentziorako ‘road show’ saioan

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 9a, 02:00

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, AXAren laguntzarekin, bi emanaldi edo ‘road show’ eskaini zituen atzo Andoainen, gazteak kontzientziatzeko. Hernaniko eta Andoaingo udalen laguntza ere izan dute. Ikasleek azaldu dute, eraginkorra izan dela eta mezua iritsi zaiela.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, AXA aseguruaren laguntzarekin, bi road show edo ikusentzunezko es­kaini zituen atzo An­doain­g­o Bastero kulturgunean. Tra­fiko istripuen prebentziorako egin­dako emanaldiak izan ziren, gazteak kon­tzientzia­tze­ko helburuarekin. Ekime­nak, Her­na­niko eta Andoain­go udalen la­guntza izan du eta AESLEM elkarteak izan du ikusentzunezkoa egiteko ardura. Atzoko saioetan, Hernani eta Andoaingo 1.000 ikaslek hartu zuten parte. Aurre­neko saioa 09:00etan izan zen eta Andoaingo 500 ikasle inguruk ikusi zuten road showa. Ondoren, 11:00etan, hernaniarren txanda izan zen.

Heziketa eta prebentzioa, beharrezkoak
Kistiñe Lujanbio Hernaniko Hezkuntza zinegotziak argi utzi zuen, Udalaren apustua dela prebentzioa lantzea eta bide horretan, garrantzitsuak direla bide heziketa lantzea eta atzokoa bezalako ekimenak bultzatzea: «Arriskuen aurrean gazteak kon­tzien­tziatzea garrantzitsua da eta halako ekimenak eraginkorrak direla uste dugu». Horrez gain, azpimarratu zuen, hezkuntzaren arloan beharrezkoak direla bide heziketarako baliabideak eta diru laguntzak izatea, eta instituzioei dei egin zien zentzu horretan lan egiteko. Gainerako ordezkariek ere, prebentzioan eta sentsibilizazioan lanean jarraitzeko konpromisoa azaldu zuten.

Istripu gutxiago
Trafiko Zuzendaritzak 2008tik egiten ditu road showak AESLEMErekin eta ordutik 4.000 gazte ingurutara iri­tsi dira. Iaz, 1.360 gaztek ikusi zu­ten. Horrez gain, beste kanpaina bat ere badute martxan, Ger­­ta dakizuke izenekoa. Ber­tan, hi­tzaldiak ematen zaizkie gazteei, besteak beste. Aur­ten, ur­ta­rriletik irailera bitarte, 4.199 ikasle gaztek hartu dute parte. Kanpaina hauek eragina izan dutela azaldu zuten atzo eta 2009tik 2013ra, gazteen artean istripu kopurua jaitsi egin dela azaldu zuen Garbiñe Saez Molinuevo Trafiko zuzendariak: «Urtea hasi zenetik hona, 30 urtetik beherako 869 biktima izan dira (8 hildako, larri zauritutako 61 eta arin zauritutako 799); 2009an, berriz, 1.713 biktima izan ziren (14 hildako, larri zauritutako 151 eta arin zauritutako 1.548)».

Amaia Azkue ikaslea: «Testigantzek asko transmititu didate»
Road showan, gazte baten festa-gau bat ikusi daiteke. Diskotekan hasten da, lagunartean, eta kotxe istripu batekin bukatzen da. Ondo­ren istripu bat bizi izan dutenen testigantzak biltzen dira: poliziak, suhiltzaileak, biktimak, biktimen senideak... Emanaldiaren ostean, Amaia Azkue Hernaniko Institutuko ikaslearekin hitz egiteko aukera izan zuen Kronikak eta honako balorazioa egin zuen: «Mezua oso ondo transmititua dagoela iruditu zait eta oso hunkigarria egin zait. Irudiak ez zaizkit hain gogorrak egin, baina bai testigantzak. Profesiona­lek beraien bizipenak kontatu dituzte eta baita istripu batean paraplejiko geratutako pertsona batek ere. Mezua barrura iritsi zait eta nere inguruan antzekoa komentatu dute besteek. Betiko txapa izango zela espero nuen eta ez; oso egokia iruditu zait guretzat, eta baita zaharxeagoentzat ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!