«Premiazkoa da ikustea transexualitatea ez dela gaixotasun bat»

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 10a, 02:00

Liburua aurkeztuko dute, gaur, 19:30etan Biterin. Aurkezpenaz gain izango dira irakurraldiak, antzezpenak eta kantuak...

«Egitasmo hau, gorputz ikusezinak ikusgarri egiteko urratsa baino ez da, isilarazitako gorputzei ahotsa emateko saio txiki bat. Horre­ta­ra­ko, pentsamendu (trans)fe­mi­nis­tarantz hurbiltzen di­ren gogoetak eta ekarpenak bildu ditugu. Gogoeta egiten lagundu diguten ahotsak. Ulertu dugu premiazkoa dela bat egitea transexualitatea despatologizatzeko kanpainarekin eta geure ekarpena egin nahi izan dugu». Halaxe diote Isa Castillo eta Iratxe Retolazak, Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak artikulu-bildumaren koordinatzaileek.

Liburua gaur aurkeztuko dute Biterin, 19:30etan. Aur­kez­pen ekitaldian, Castillok eta Retolazak proiektu kolektibo honen nondik norakoak azalduko dituzte. Ondoren, irakurraldiak, gogoetak, an­tzezpenak eta kantuak izango dira, Anari, Kattalin Miner, Jo­sune Monton eta Gorka Setie­nen eskutik. Ekitaldian, Argi­ta­letxea Edo!ren aurreneko urteurrena ere ospatuko dute.

Hitzaurrea, Amaia-Aimar Elosegi Ansari eskainia
Liburua Hernanin aurkeztu nahi izan dute, Amaia-Aimar Elosegi Ansa zenari buruz egiten den aipamenagatik. Bere eskutitzarekin hasten da liburua eta hitzaurrea berari zuzendua dago. Bere amak idatzitako testu bat eta beste hiru idatzi ere biltzen dira.

Hernaniar gaztearen gu­tu­na­ren zati batek hala dio: «Betidanik eduki dut mutil bat izate nahia. Txikia nintzenean izena, DNIan hombre jartzea eta haragi puska bat falta zi­tzaizkidan nahi nuena eta izan beharko nintzatekeena izateko. Hala ere, nik eta besteek holako arraroa izatea ondo ikusten ez baizutenez, nik beti ukatzen nuen eta edozer egiten nuen hori nabari ez zezaten, nahiz eta hori gordetzea ezinezkoa zen zeren nire barnetik berez nin­tzena nintzen. (...) Bizi naizenean besteentzako misteriotsua izan naiz; nahiz eta berez nire izate erak ez zuen hainbesterainoko misterioa».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!