Hamaika ekitaldi eta gehiago, Herriraren alde

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 5a, 02:00

Hiru mozio onartu zituen Plenoak, alderdi politikoenak eta herritarrenak

Hamaika ekitaldi izan ziren atzo Herriraren kon­trako po­li­zia operazioa sala­tzeko, eta horien artean, Ple­no berezia izan zen, gai berdinari lotutako mo­zioe­kin. Hi­ru mozio aurkez­tu ziren eta hirurak onartu: Bilduk eta EAJk adostutako bat, Her­naniko Bilduk aur­kez­tutako beste bat, eta azkena, herritar talde batek aurkeztua.

Bildu eta EAJ: «Bake prozesua bultzatzeko bideari kalte egiten dio»

Gipuzkoako Batzar Nagu­sie­tan adostutako mozioa onar­tu zen lehendabizi, EAJ eta Bilduren aldeko botoe­kin. Mozioaren arabera, herri hau eraiki behar da giza eskubide guztien defentsan oinarri­tuta, demokrazia eta bakea gara­tuta, eta herritarren bo­ron­da­tean oinarrituta, bes­teak bes­te. Horrez gain dio, «Herrira plataformako ki­deak atxilotu dira ‘dena ETA da’ tesiari eutsiz, eta horrek bake proze­sua bul­tzatzeko bideari kalte egiten dio». Horrek ez diola he­rriaren borondateari eran­tzu­ten diote, eta PPren go­bernuaren estrategia erabat salatzen dute, «bake pro­ze­sua bultzatu beharrean, ETA­k jarraitu egiten duela sinis­tarazi nahi digutelako».

Hernaniko Bildu: «Eskatzen dugu atxilotuak askatzeko»

Hernaniko Bilduk ere mozioa aurkeztu zuen, eta onartu egin zen, Bilduren aldeko botoekin eta EAJ abstenituta. Mozio horretan «eraso gisa» jotzen da polizia operazioa, herriaren gehien­goari eta konponbide proze­sua­ri egiten zaion eraso gisa. Horrez gain, eskatzen da He­rrira krimi­nalizatu dezaketen ekintzak baztertzeko, eta atxi­lotuak askatzeko. Azkenik, gaurko manifestaziora dei egiteaz gain, gatazka honetan parte diren gobernu, alderdi eta eragile guztiei eskatzen zaie «jarrera eraikitzailearen bitar­tez prozesuari laguntzeko».

Herritarren mozioa: «Karga poliziala agindu zutenei erantzunkizuna onartzea eskatzen diegu»

Herritar talde batek ere mo­zioa aurkeztu zuen, eta Bil­duren aldeko botoekin onartu zen, eta EAJ abstenituta. Mozioak gogor gaitzesten du polizia operazioa, eta baita ondorengo Ertzaintzaren kar­ga ere. Hiru puntutan es­katzen du, «karga poliziala agindu zutenei erantzun­ki­zuna onartzea; Ertzaintzak izan zuen jarrera publikoki gaitzestea; eta herri honen kontrako beste erasorik ez dutela babestuko konpro­misoa hartzea».

PSE-EE: «Bozeramaile Batzordea konbokatzea nahiko zen»

PSE-EEko zinegotzirik ez zen izan Plenoan, eta prentsa oharrean adierazi zutenez, «Bozeramaile Batzordean era­baki zitezkeen mozio horiek. Herri honentzat gai inpor­tan­teagoak direnetan Gobernu Taldeak informa­zioa gorde egiten du». Horrez gain, adierazi zuten Bilduren in­te­resak zein diren garbi ge­ra­tzen dela, «Bilduk bi baremo darabilzki gauzak neurtzeko, eta ez daukate interesik herri­tarrei dagozkien gai garran­tzi­tsuagoak konpontzeko. Eta EAJren bi aurpegiak ere sala­tzekoak dira. Garitanoren hitzak salatu, eta gero akor­dioa sinatu Bildurekin».

Ekitaldiak gaur

Atzoko ekitaldiez gain, gaur ere izango dira Herriraren aldeko ekintzak. 08:00etan ka­zerolada, 12:00etan argaz­ki masiboa, eta ondoren Kalez Kale Kantari, esaterako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!