Donibane Lohitzunen hiru urte egin dituzu. Zergatik erabaki duzu Hernanira bueltatzea?
Beti buruan izan dut Hernanira bueltatzea, eta aurten tokatu da,
hainbat arrazoirengatik. Iaz Hernaniren partidu ia denak ikusi nituen,
lesionatuta egon nintzelako otsailera arte. Denboraldi bukaeran
aurrelariak entrenatzen aritu nintzen, eta hor piztu zitzaidan sua.
Horrez gain, kanpoan urte asko egin ditut, eta etxeko giroa behar nuen.
Donibane Lohitzunen giro berezia topatu nuen hasieratik eta aldatu egin
nahi nuen. Beste aukeraren bat ere izan arren, Hernanin geratzea
erabaki nuen.
Espainian pilierrik onenen artean deklaratutakoa zara, zer eskainia badaukazu beraz, Hernaniri...
Talde gaztea dago hemen, eta esperientzia edo patxada eskaini ditzaket.
Zer hobetu haundia al du taldeak?
Proiekzio haundiko taldea dago, baina momentu honetan
esperientzia falta zaio. Otaño, Sarasola, Mitxel, Boli... esperientzia
haundikoak ziren eta lehenengo lerrokoak, eta denek utzi dute. Hori
antzematen da touchetan, meleko kolokazioan, erabakiak hartzeko
garaian...
Gazte asko, baina maila haundikoak ezta?
Bai, halaxe da. Errespontsabilitatea gazte xamar hartu behar
izan dute, eta horretarako urteak behar dira. Erabaki onak hartzen
ikasteko, erabaki asko hartu behar dira lehenengo. Bi edo hiru urte
barru talde haundia izango du Hernanik.
Begiratu batean, pilierrak jasotzen eta ematen ditu zartako gehien. Baina benetan, zein da pilier baten lana?
Zaila da pilier bat nabarmentzea, egia esateko. Askok
esaten digute: «zuk ez dezu ezer egiten!». Gure lana da taldearen oreka
mantentzea. Erortzera dijoan laguna babestu, eta taldeari laguntzea,
zentzu guztietan. Esaten da, eta egia da, pilierrak bi partidu jokatzen
dituela: taldearena, eta beste pilierraren kontrakoa.
Bildurrik sentitzen al duzu?
Pilierrak bildurra sumatzen badu, galduta dago.
Eta elkarri nola jartzen
diozue errespetua?
Bakoitzak bere taktikak dauzka. Batzuk hitz egiten dute adibidez, besteek jo...
Eta zuk zer egiten duzu?
Esan dizut, bakoitzak bere taktikak dauzka (barreak).
Kankailu haundien kontra jokatzea tokatuko zitzaizun... Ze alde dago Frantziako
ligatik Espainiakora?
Aurkari oso gogorrak tokatu zaizkit batean eta bestean. Alderik
haundiena da Espainiakoan barkatu egiten zaiola aurkariari, eta
Frantziakoan ez. Espainian bi, hiru edo lau txoke irabaziz gero,
bosgarrenean lasaiago sartzen zara, eta ez da ezer gertatzen. Frantzian
lasai sartzen bazara, aidean botako zaituzte.
Munduko pilierrik onena?
Steve Thompson. Ez zen pilierra soilik, orpokatzailea ere bazen,
baina sekulakoa zen. Ez zuen gimnasioko gorputz hori; bazirudien
tabernan zerbezak edaten egon zitekeela... kankailu bat zen, eta
gogorra! Bere kontra jokatzea tokatu zitzaidan...
Steve Thompsonen kontra jokatu duzu?
Bai, Salvadorren jokatu nuen Europako Kopa eta Thompsonen kontra aritu nintzen bai. Oso oroitzapen ona daukat harena.
Hernanik oso gauza onak erakutsi ditu aurten. Nola ikusten duzu denboraldia?
Oso parekatua. Iruditzen zait azken unera arte borrokatu beharko
dugula. Fisikoz besteak baino gutxiago gara, baina taktikaz eta baloia
mugitzen oso talde ona gara. Ebitatu egin behar dugu bat baten kontrako
jokua, bestearen gainetik pasa nahi izatea.
Santboianari irabazi genion, presio haundia egin, eta euren hutsegiteak
aprobetxatu genituelako. Errematatzeko oso jende ona daukagu.
Gernikari irabazterik bai?
Berez bai. Irabaztera atera behar dugu. Genua faltako da,
adibidez, baina irabazi liteken partidua da, eta irabazi beharrekoa.
Aurten etxeko partiduak irabazi egin behar dira, eta kanpotik punturen
bat ekarri. Gernikak aurreko lerroan jarriko digu lehia; guk hor frenatu
eta atzetik eraso behar diegu.
Minutuko isilunea egingo dute
gaur partidu hasieran, Gipuzkoako errugbiaren alde lana haundia egin
duen gizona hil baita: Jesus Castillo.