Urruñatik Oiartzunera, Askatasunaren bidean

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 5a, 02:00

Mendiriz mendi Gaur zortzi izango da Mendiriz Mendiren hurrengo irteera. Oraingo honetan, Comete Sarea­en ibilbidea egingo dute, Askata­sunaren bidea deiturikoa. Bide honek, Ipar Euskal Herrian du abiapuntua; Urruñan. Helmu­ga, berriz, Hego Euskal Herrian; Oiartzunen.

Soldadu aliatuei etxera itzultzen laguntzeko sarea
Comete Sarea frantses-belgikar organizazio bat izan zen. 1940an sortu zen Bruselan, naziengandik ihesi zebiltzan soldadu eta pilotu aliatuei alde egiten laguntzeko. Sare honek, soldadu horiei Ingalaterrara bueltatzen lagundu zien. Soldadu aliatuak etxeratzeko geratzen zen bide bakarra Gibraltarrekoa zen. Horre­tarako, Frantzia osoa eta ondoren Espainiako muga zeharkatu behar ziren. Bide desberdinak aztertu ondoren Euskal Herria aukeratu zuten. Alde batetik, Belgikako muga eta Frantzia zeharkatu ondoren, bideak ez zuelako oztopo handirik. Bes­tetik, Hego Euskal Herrian kontrabandotik bizi zen antifaxista ugari zegoelako eta hauek mu­ga oso ongi ezagutzen zutelako.

Euskaldunen laguntza
Erresistentzi Franko-Belgika­rra eta euskal kontrabandistak ha­rremanetan jarri ziren. Lehe­nengo aldiz, 1941 urteko uztailaren 15ean zeharkatu zuten muga. 11 iheslari pasa zituzten, baina arazo larri batekin egin zuten topo. Mugako alde honetan Guardia Zibilak berehala atxilotzen zituzten soldaduak. Arazo hori gainditzeko Comete sareko kideak Do­nos­tian bizi zen Bernardo Araca­marekin harremanetan jarri ziren. Bernardo gudaria izandakoa zen. Iheslariak Donos­tian jaso eta Britainiako edo Belgikako kontsulatuaren eskuetan uzten zituen. Bernardo Aracama eta Her­naniko Tomas Anabitarte mu­galariaren eskutik, Comete sareak mugalari berri bat ezagutu zuen: Hernaniko Floren­tino Goikoetxea. Gerra zibilean Ipar Euskal Herrian errefuxiatu zen eta kontrabandoan ibil­tzen zenez, ongi ezagutzen zituen inguruko mendiak.

1943tik, egoera okertu
1942 urtean, organizazioa sendotu eta handitzen joan zen Ipar Euskal Herrian. 1943a, be­rriz, oso urte gogorra izan zen. Urtarrilean Gestapok Ipar Eus­kal Herriko kolaboratzaile ia talde osoa atxilotu zuen. Ekai­ne­an Pariseko taldea atxilotu eta desegin zuen. Azkenik, azaroan, Espainiako poliziak Ara­ca­­ma familia osoa eta Oiartzun­go talde buruak atxilotu zituen. Hala ere, taldeak berean jarraitu zuen aliatuek Norman­diako lehorreratzea burutu arte, 1944 ko ekainaren hasieran. Urduri jarri ziren alemanak eta mugako mendiak pa­trui­latzen hasi ziren. Ekainak 26an, Florentinok patruila aleman batekin topo egin zuen, mendian, Ziburura zihoala. Patruilak tirokatu eta zauritu egin zuen. Baionako ospitalera eraman zuten. Comete Sareko kideek Florentino askatzea lortu zuten eta Miarritzen gordeta mantendu zuten Fran­tziak askatasuna lortu zuen arte. Ekintza horrek erakusten du Florentinok erresistentziarako zuen garrantzia. Comete sareak ia 800 soldadu edo pilotu pasa zituen Hego Euskal Herrira. Bere ibilbide osoan 1.700 agente edo laguntzaile izan zituen. Horietatik 700 inguru atxilotuak izan ziren eta beste 200 inguru fusilatuta edo deportazioan hil ziren. Sare horren barruan lau hernaniar aritu ziren lanean, ezagutzen denez: Flo­rentino Goikoe­txea, Tomas Anabi­tarte, Juan Ma­nuel Larburu eta Martin Erraz­kin.

Ihes bidea
Belgikar muga zeharkatu ondoren, pilotuak Parisera eramaten zituzten. Han Ipar Euskal Herrira zihoan lehenengo trena hartzen zuten. Baiona edo Donibane Lohitzunen jaitsi eta Ziburura joaten ziren Katalin Agirreren etxera. Gauez, Urruña eta Biriatuko mendietarantz abiatzen ziren. Bidegain-berri baserrian atsedena hartzen zuten. Bertan, Frantxia Usandizaga alargunarekin, Hernaniko Juan Larburu bizi zen, eta Bidasoa zeharka­tzeko prestatzen ziren. Florentinok gidatuta, Kalba­rio mendia utzi eta Xoldo­ko­gainara iristen ziren. Bertatik, erreka bati jarraituz Bidasoa er­tzera jaisten ziren. Ibaia isil-isilik banan bana zeharkatzen zuten. Guardia Zibilaren mugimenduak ondo aztertuta, errepidea zeharkatzen zuten eta Aiako Harri aldera abiatzen ziren. Oiartzun aldera jaisten ziren, Ergoien auzora, eta han Sarobe baserrian atsedena hartzen zuten. Ondoren, Altzibar auzoan, Arbide eta Garayar familiek hartzen zituzten. Hauek Erren­teriara jaisten zituzten eta bertatik, tranbia hartuta, Donostiara hurbiltzen ziren. Aracama familiakoek hartzen zituzten eta Madrilgo enbaxadatik bidalitako kotxe batek, Gibraltarreraino eramaten zituen.

IBILBIDEAREN DESKRIBAPENA:

Autobusak "Bidegain berri" baserri alboan utziko gaitu. Hemendik asfaltatutako errepidetxo batetik egin behar da gora. Apur bat aurrerago bi­dea utzi eta zelaietatik gora egin behar da. Aldapak Kal­bario mendiko baselizan utziko gaitu. Hortik Xoldokogaina aldera egin behar da. Gailu­rra zanpatu ondoren Pitara lepo aldera jaitsiko gara. Hemen, pista batetik, Bida­soa aldera jaitsiko gara eta ibaia zeharkatuko dugu. Ondoren gora, Aiako Harri aldera, egin behar da. Hasi eta berehala dorre bat dugu, aurrerago beste bi­ga­rren batekin egingo dugu topo. Igotzen jarraitu eta Pa­go­gaina lepora iritsiko gara. Bertan elur-etxe baten arrastoak daude. Aiako Harria beti aurrean dugula ia altuera gal­du gabe Irun eta Oiartzun elka­rtzen dituen errepidera irtengo gara. Ingelesaren gazteluaren arrastoen albotik pa­sa ondoren Aiako Harriko Pi­ko­keta lepora hurbilduko gara. Bertatik Ergoien auzora jaitsiko gara. Ibilbide "Sarobe berri" baserrian amaituko dugu.

Oharra: Ibaia oinez zeharkatuko da baldin eta uraren maila egokia bada. Hori horrela ez balitz Biriatura jai­tsiko gara eta autobusez hurbilduko gara bideak jarraitzen duen tokira.


Datu interesgarriak

l Distantzia: 28 Km.

l Denbora: 6-7 ordu.

l Desnibela 900 m gorantz eta gauza bera beherantz.

l Gailurrik altuena: Xoldoko gaina (486 m).

l Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Ibaia hanka-hutsik ez zeharkatzeko, txankleta batzuk eta busti daitezkeen oinetako ba­tzuk eramatea komeni da.

l Beharrezko materiala: mendiko material arrunta. 

l Mendiriz Mendik urriaren 12an egingo du irteera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!