Urtero bezala, Mugarri Festa antolatu du gaur Udalak, Mendiriz Mendi elkartearen laguntzarekin. Oraingo honetan, Hernanik Ergobirekin mugan duen mugarritik abiatuko dira eta Estubegirako tartea egingo dute, mugarriak bisitatuz. Berez, Errekalderaino joatekoak ziren, aurreko alditan egin izan den bezala, baina Lore-Tokin ez dutela baimenik eman jakinarazi diote Kronikari. Plazatik 09:00etan abiatuko dira eta 13:00ak alderako egingo dute buelta (Parte hartzeko izena eman behar zen).
Guztia, oinez
Ergobitik abiatu eta Montebideo aldera egingo dute. Handik Oriamendi magaletik pasako dira eta Estubegira iritsi. Buelta Antziolatik egingo dute eta oinez; izan ere, motxagoa izango da aurtengoa. Ibilbide honetan, sekulako bistak daudela nabarmendu dute.
Hurrengoa,
Errekalde-Mandazubi
Mugaz muga ibiltze hori garai batean ere egiten zen Hernanin eta Udalak orain dela 24 urte berreskuratu zuen, Mendiriz Mendiren laguntzarekin. Hasierako urtetan, 7-8 bat taldetan banatuta buelta osoa egin zuten. Azken urteetan berriz, urtero zati bat bakarrik egiten dute, eta datorren urtean, Errekaldetik Mandazubirako tartea izango da.