‘Aita parekideok, denontzako onura’ ikastaroa emango duzu urrian. Aita izango direnei zuzendua da. Zer da landuko duzuena?
Aita izango direnentzat edo izateko asmoa dutenentzat da eta baita izan direnentzat ere. 2 orduko 4 tailer izango dira eta aurreneko saioan, sarrera bat egingo dugu. Gizonak eta zaintzari buruz ariko gara. Jaiotzen garen momentutik, gizarte honetan gizonok ez dugu heziketarik jasotzen beste pertsonak zaintzeko; ez haurrak, ez adinekoak. Ardura horiek emakumezkoei bideratzen zaizkie eta hori aldatu egin behar da. Erantzunkizuna dakar horrek, baina gauza positiboak ere bai.
Zaintzarako trebetasunak ere landuko dituzue.
Bigarren eta hirugarren saioan aiten trebetasuna landuko dugu; hala nola: umearen elikadura, osasuna, loa, umeak nola hartu edo bainatu... Aitek dituzten kezkei eta beldurrei erantzungo diegu eta esperientziak elkarbanatuko ditugu.
Azken saioa, behin umea jaiotakoan izango da. Beraz, aita bakoitzaren araberakoa izango da. Handik hilabete edo 2 hilabetetara elkartuko gara eta hasierako esperientziak eta bizipenak konpartituko ditugu.
Zer da aita parekidea izatea? Zein da ikastaro honen helburua?
Konsziente izatea eta praktikan jartzea umeen ardura amarena eta aitarena dela, bikote heterosexualen kasuan. Aiton ardura haundia da, amarena bezalaxe. Edoskitze aldian, noski, amak egon beharra dauka, baina baita aitak ere. Haurdunaldiaren aurreneko momentutik presente egotea garrantzitsua da umearekin lotura hori lantzeko. Horrek sekulako askatasuna ematen dio familia egitura osoari; amari materiala, eta aitari emozionala. Umeak ere ikusten du biekin kontatu dezakela edozertarako.
Gizonok ez ditugu publikoan sentimenduak adierazten, baina aita zaren momentuan bai, gizarteak onartu egiten baitu hori. Gizarte matxista honek uzten duen zirrikitu hori aprobetxatu nahi dugu. Eta hemendik abiatuz, arlo gehiagotara zabaltzen saiatu behar gara.
Lan haundia al dago egiteko zentzu honetan?
Berdintasunaren inguruan aurrerapauso asko eman dira, baina oraindik asko dago egiteko. Datuek argi erakusten dute zaintzaren ardura oraindik emakumeengan egoten dela. Eszedentziak hartzen dituzten gizonezkoak %3 besterik ez dira eta murrizketak hartzen dituztenak %7-8. Eta kontrako aldean berriz, indarkeriaren kasuan, gizonak gara nagusi.
Ikastaro honetan eta aita zarenean lantzen dituzun ardura horiek, lagundu egiten dute beste pertsonen lekuan jartzen, umeekin enpatia beharrezkoa baita, eta hori da gakoa.
Oraindik zeregin asko dagoela eta, ze erantzun espero duzue Hernanin?
Berdintasuna gizonekin lantzea zaila dela badakigu, eta agian ez da jende askorik bilduko, baina Hernanin lanketa haundia egina dago gai honen inguruan eta ondo joatea espero dugu.
Gainera aita horientzako oso aukera ona da, horrelako ikastaroak ez baitaude gizonentzat. Emakumeei zuzendutakoetan parte hartzeko aukera izaten dute, baina besterik ez.
Aita izan behar duten edo izatear diren horiei zer esango zenieke?
Aita izatea oso gauza haundia dela, esperientzia garrantzitsua. Eta oso gutxitan bizitzen den gauza izanda, gero eta esperientzia eta formazio gehiago izan, hobe dela. Bizipenak konpartitzeko gizonon beste gune bat izango da eta animatzeko esango nieke.
‘Aita parekideok, denontzat onura’ ikastaroa:
- Urriak 10: aiten zaintzarako
trebetasunak. Gizonak eta zaintza.
- Urriak 24: aiten zaintzarako
trebetasunak. Pardelak, jatekoa, umearen bainua, hartzea...
- Urriak 31: erantzukidetasunaren irabazleak: umea, aita eta familia.
- Zehazteko: parte-hartzaileen
aitatasun dataren araberakoa.
*Saio guztiak Biterin, 18:00-20:00.
Izena emateko: ezberdinzentroa@gmail.com
945 23 34 62/665 723 365
Gainerako ikastaroak:
- Bertso-eskola feminista
Azaroak 29, abenduak 6 eta 13.
17:00-21:00 (12 euro).
-Gorputza eta desira: tratu ona
Urriak 19, azaroak 9 eta 30, eta abenduak 14.
10:00-13:30 / 15:00-17:30 (24 euro).
-Plazer ezkutua: gorputza + tratu ona
Urriak 26, azaroak 23, abenduak 7 edo 15, eta urtarrilak 11.
16:00-20:30 (16 euro).
-Bestelako historia da. Emakume idazleak eta nobela historikoa
Urriak 17 eta 31, azaroak 14
eta 28, eta abenduak 12.
18:30-20:30 (10 euro).
*Izena emateko: 943 33 70 17 maialen-a@hernani.net.