Herrira mugimenduaren kontrako polizia operazioa salatzeko 24 orduz ekitaldiak izango dira Hernanin, ostiraletik larunbatera. Atzo Biteri aurrea jendez bete zen, eta larunbatera bitarteko ekitaldiak antolatzen aritu ziren. Gaur, beste bilera bat egingo dute, 19:00etan, egitaraua erabat ixteko.
Herriraren kontrako operazioan, Guardia Zibilak 18 lagun atxilotu zituen astelehenean; horietako 10 Hernaniko Herriraren egoitzan. Atxilotuez gain, istiluak izan ziren Hernanin, eta ondorioz zauritutako hainbat lagun daude.
«Hamarretik gora zauritu»
Astelehenean istiluak izan ziren Herriraren egoitza aurrean bildutako herritarren eta Ertzaintzaren artean. Ertzaintzak bi aldiz jo zuen bertan bildutakoen aurka, arratsalde partean, eta iluntzean, Guardia Zibila operazioa bukatzen ari zela, 23:30ak aldera. Testiguek Kronikari jakinarazi diotenez, «oso modu basatian» kargatu zuen Ertzaintzak, eta ondorioz «hamarretik gora zauritu» eragin zituen. Amaiur alderdiko senatari Amalur Mendizabalez gain, buruan puntuak emandako beste hernaniar bat behintzat bada, eta kolpeak jasotakoak dezente dira.
Kontzentrazioak lantokietan
Ostiralean bertan, Hernaniko lantoki aurreetan kontzentrazioak egingo dituzte, 12:00etatik 12:30etara, eta langile guztiei dei egin diete ateratzeko protestara.
Gaur, Bulebarrean
Donostiako Bulebarrean elkarretaratzea deitu dute kazetarien aurrean, gaur, 11:30etan.
Manifestazio Nazionala larunbatean, Bilbon
Euskal Herriko herri askotan deitu dituzte mobilizazioak, eta larunbatean manifestazio nazionala egingo dute Bilbon, Casillatik 17:30etan abiatuta. Atzo, hainbat eta hainbat talde bildu ziren Bilbon, eta euskal herritar guztiei eskatu zieten larunbatean Bilbora azaltzeko eta «marea urdin» bat sortzeko.
Bilboko autobuserako txartelak salgai daude Hernanin, Garin tabernan, 12 euroan. Autobusa 15:30etan abiatuko da Atsegindegitik.
Luis Intxauspe, Alkatea: «Ertzaintzaren erantzuna neurriz kanpokoa izan zen»
Luis Intxauspe Alkateak salatu egin ditu bai Guardia Zibilak egindako polizia operazioa, eta baita Ertzaintzak izandako jarrera ere. «Herri honek bizi duen prozesuaren kontrako operazioa da, herri mugimendutik sortutako talde baten kontrako operazioa, eta ondorioz, herriaren kontrako operazioa. Horrez gain, atzoko gertaerak ere salatzen ditugu. Ertzaintzaren erantzuna neurriz kanpokoa izan zen. Zaurituak izan ziren, eta ondorioz, ardurak argitzea espero dugu, eta eskatzen dugu».