Kurtsoa bete betean hasten da udazkenarekin, eta urrian martxan jarriko dira Biteriko ikastaroak, asteburuko zinea, eta Literatur Solasaldiak. Ikastaroak urriaren 1etik martxan dira, zinea urriaren 11-13ko asteburuan hasiko da, eta Literatur Solasaldiak urriaren 9an. Alboka doinuekin hasiko dugu urria. Ostegun honetan Musika Eskolako Alboka Taldearen kontzertua da, eta larunbatean Albokaldia. Guztia, aurten 20 urte betetzen dituzten Alboka Topaketen barruan. 20 urteak ondo paseak dituena, eta 25era inguratzen ari dena, Mugarri Festa, larunbat honetan. Haurrentzako antzerkia ere larunbat honetan izango da: Odisea.
‘Sortuko dira besteak’ eta ‘Ez gara Palestinaz ari’
Musikak eta bertsoak lekua izango dute urrian. Urriaren 12an, Kalez Kale Kantari, eta Erromeria antolatu dituzte.
Berdintasun Kontseiluak eta Bertso Eskolak antolatuta, Ez gara Palestinaz ari bertso musikatuak izango dira urriaren 18an, Biterin. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde kantuan, eta Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikarekin.
Hernani’n Musik-ek udazkeneko lehenengo kontzertua, urriaren 26an: Sortuko dira besteak, 2013ko Bira. Kiroldegian, eta sarrerak salgai, gaurtik.
Bakailao Festa, eta Gu Munduan Jardunaldiak
Iaz arrakasta izan zuen Bakailao Festa izango da aurten ere, urriaren 14tik 20ra. Gu Munduan Jardunaldiak, urriaren 15etik 17ra.