Guardia Zibilak hamar lagun atxilotu ditu Hernaniko Herrira mugimenduaren egoitzan

Kronika - Erredakzioa 2013ko urr. 1a, 02:00

-Euskal Herriko beste egoitzetan ere sartu ziren, eta guztira 18 lagun atxilotu dituzte. -Egoitzak itxi dituzte eta baita sare sozialetako 150 perfiletik gora, eta 38 web orri ere. -Hernanin tentsio uneak izan ziren, eta gutxienez zauritu bat bazen. -Herri Asanblada, gaur, 19:30etan, Biterin.

Guardia Zibilak hamar lagun atxilotu zituen atzo Hernaniko Herrira mugimenduaren egoitzan. Eloy Velasco epaileak agindutako polizia operazioa da eta hego Euskal Herriko beste lau egoitzetan ere sartu ziren.

Goi­zeko 09:45etan sartu zen Guar­dia Zibila Hernaniko egoitzan eta momentu horretan barruan zeuden 12 lagun identifikatu zituen. Horietako bi aske utzi zituen eta beste hamar atxilotu, testiguek Kronikari jakinarazi ziotenez.

Espainiako Barne Minis­te­rioaren arabera 18 atxiloketa izan dira eta «Amnistiaren Aldeko Batzordeen oinordeko» izateagatik egin dute He­rrira mugimenduaren kontra.

Velasco epaileak egoitzak ixteko agindua eman du, eta baita sare sozialetako 150 perfiletik gora eta 38 web orrialde ere. Horrez gain, bankuko kontuak blokeatu dituzte.

Operazioak, egun guztia
Egun guztia iraun zuen operazioak, eta goizeko 10:00­­ak ezkeroztik herritar asko bil­du zen Plaza Berri in­gu­ruan. Ezker Abertzaleko kideak ere bertan izan ziren, besteak beste: Luis In­txaus­pe Alkatea, udal zinegotziak, Martin Ga­ritano Diputatu Nagusia, edo Xa­bier Mikel Errekondo Amaiu­­­rreko ordezkaria.

Ertzaintza 11:30ak aldera azaldu zen Plaza Berrira, eta  Guardia Zibila eta jendearen tartean egon zen operazioak iraun zuen bitartean. Gauean 23:00ak inguruan bukatu zuten miaketa.

Hernaniko egoitzan atxilotutakoak hauek dira: Ibon Meñika, Manu Ugarte­men­dia, Jesus Mari Aldun­be­rri, Na­gore Garcia, Jon Garai, Sergio Labaien, Eneko Igle­sias, Jose Antonio Fernan­dez, Oskar Sanchez eta Rober­to Noval.

Eta gainerako zortzi atxilotuak hauek: Ekain Zubi­za­rreta, Amaia Esnal, Eneko Ibar­guren, Ane Zelaia, Ima­nol Karrera, Gorka González, Beñat Zarrabeitia eta Fran­cisco Javier Balda.

Alderdien iritziak
Jorge Fernandez Diaz Es­pai­niako Barne Ministroaren hitzetan, «Herrira da Amnis­tiaren Aldeko Gestoren eta Askatasuna plataformaren oi­nor­dekoa, eta ondorioz, ETA­ren gertu gertuko mugimendua». Barne Ministroak dioenez Herrirak antolatzen zi­tuen «preso politikoei egindako ongi etorriak» eta bertan «terrorismoari gorazarre» egiten zitzaion, eta «ondorioz, ETAko biktimei umillazioa».

Alderdi eta mugimendu askok salatu dute polizia operazioa. EH Bilduko Julen Ar­zuagak adierazi duenez, «Gi­za eskubideen kontrako eraso honek baketik eta normalizaziotik urruntzen gaitu». Eusko Jaurlaritzako Josu Erkorekak «gainditutako garaiak» direla jakinarazi du. PSE-EEko Jesus Egigurenek «zentzugabekeria politiko eta juridikotzat» jo du gaurko operazioa, eta beste hainbat taldek ere salatu dute:  Ernai, Lokarri eta Udalbiltzak, esaterako.

Istiluak Hernanin
Jendetza haundia pilatu zen atzo Plaza Berri inguruetan, operazioaren kontra, eta istiluak izan ziren Ertzaintza eta herritarren artean. Gutxienez zauritu bat izan zen.

Herri Asanblada gaur
Herri Asanblada egingo dute gaur, 19:30etan Biterin, atxi­loketei buruz hitz egiteko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!